kirolak
Igoera, buruan
Lasarte: "12 final gelditzen zaizkigu"
Ander Altuna
Zubieta
Herculesen kontrakoa ez da besteak baino garrantzitsuagoa entrenatzailearen ustez. Erabakita dauka Bravoren ordezkoa nor izango den, baina ez du ezagutzera emango.
Riesgo ala Zubikarai, bietako nork beteko du Bravoren hutsunea? Galdera nagusi horren erantzuna igandean jakingo da, jokalariak beroketa ariketak egitera ateratzen diren unean. Izan ere, Lasarteren hitzak ez dira argigarriak izan nork jokatuko duen jakin arren. “Nahi baino lehenago hartu behar izan dugu Bravoren tokia beteko duenaren inguruko erabakia. Nik ez daukat zalantzarik. Atezainek ere ez dakite eta ez dut ezer aurreratuko”, esan du entrenatzaileak.
Atea zaintzearen arduraduna zehazteaz aparte, Prietok utzitako eskuin hegala nork hartuko duen jakitea falta da. Kasu horretan, Nsue eta Songo’oren artean dago lehia. Diego Rivasi buruz ere mintzatu da. Azken gunetan ezinean aritu da eskuin iztarrean arazoak dituelako. Lasartek dioenez, “badaezpadako neurria izan da. Hala pentsatu genuen eta bihar taldera itzuliko da”.
Garrantzia handiko neurketa jokatuko dute Realak eta Herculesek etzidamu Anoetan. Lasarterentzat, hori bai, ez da besteak baino baliotsuagoa. “12 final gelditzen zaizkigu eta Herculesena ez da besteak baino garrantzitsuagoa”. 5 eta 1 galdu zuten txuri-urdinek lehen itzulian Rico Perezen eta egun hartako arantza barru-barruan sartuta du uruguaitarrak. “Izaera lehiakorrekoa naiz eta egun hartan gertaturikoak ez du erakusten bi taldeen artean dagoen diferentzia. Hori frogatu behar dugu, behintzat”. Alicanteko taldea ez da une gozoenean iritsiko. Lau partida daramatza irabazi gabe eta horietan gainera, ez da kontrako atea zulatzeko gai izan. “Gutariko askori gertatu moduan dizdira apur bat galdu du. Dena den, igotzeko aukera ona dauka eta ez digu deus oparituko”.
Lehia garrantzitsu hori prestatzen jarraituko dute bihar txuri-urdinek Zubietan 10:00etatik aurrera. Ateak itxitako saioa izango da.