kirolak
Tenisaren mitoa
Martina Navratilovak bularreko minbizia du
Erredakzioa
Eritasuna garaiz atzeman diote eta pronostikoa bikaina dela esan dute adituek. Tenislari ohiari koskorra kendu diote eta erradioterapia maiatzean hasiko du.
Martina Navratilova tenisaren mitoak bularreko minbizia du, People aldizkariak jakitera eman duenez. Medikuek diagnostikoa eman ziotenean, otsailean, negar egin zuela onartu du tenislari ohiak aldizkarian, ohiko mamografia bat egin ostean.
Gaixotasuna garaiz atzeman diote eta pronostikoa bikaina dela esan dute adituek, aldizkari arrosak azaldu duenez.
53 urteko tenislariak 1994an buruz-buruko lehiaketatik erretiratzen zela iragarri zuen. Biopsiaren emaitza jaso zuenean negar egin zuela aitortu du Navratilovak. Ohiko azterketa batean, ezkerreko bularrean nodulua aurkitu zioten medikuek.
Munduko tenislari onenetakoa izan zenari DCIS kartzinoma topatu diote, emakumeen artean ohikoena den bularreko minbizi mota. Gainera, Navratilovaren kasuan, minbizia ez da bularrean zabaldu.
Tenislari ohiari koskorra kendu diote eta sei asteko erradioterapia maiatzean hasiko du.
Zorionekoa
Wimbledon bederatzi aldiz irabazi duen Navratilovak eta egun tenisean jokatzen jarraitzen du. Era berean, izotz-hockeyan jolasten eta triatloi lasterketatan parte hartzen du. Zorionekoa dela uste du tenislari ohiak, bere adineko emakumeen artean ohikoak diren azterketa medikoak egin ez dituelako.
"Mamografien artean lau urte pasatzen utzi ditut. Mundu guztia lanpetuta dago, baina hori ez da aitzakia. Fisikoki ondo nago eta elikadura egokia dut, baina, hala ere, gertatu zait. Urtebete gehiago eta arazo larriak izango nituzke", adierazi du Navratilovak, emakumeei azterketa medikoetara joateko eskatuz.