Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Gardentasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Agian, jakin beharko genuke baten batzuk badakitela ordenagailuaren aurrean jartzen garenean nondik nora ibiltzen garen, ze orrialdetan sartzen garen edo norekiko harremanak izaten ditugun.

Guztia jakin behar al dugu? Non jar litezke mugak? Zeinek jarri behar ditu? Panamako paperen auziak berriro mahai gainean jarri du gizakia bezain zaharra den eztabaida. Lehen gauza bera gertatu zitzaigun Wikileaks zer zen jakin genuenean, edo Edward Snowden mota guztietako informazioa zekarten paperak banatzen hasi zenean.

Ustekabean iristen zaigun infomazioak lehendabizi harritu egiten gaitu, gero izenak eta pertsonak bilatzen ditugu, gero eta ezagunagoa eta gero eta handiagoa leporatu edo gertatu zaiona, hobe. Horrelako informazioa zabaltzen denean, bestalde, ez da ezer bereizten. Panamako paperak 11 miloi dokumentu omen dira, hor izena azaltzea nahikoa da baten batzuen ospea betirako zikintzeko, normalean gaizki egindakoa zabaltzeko erabilitako neurria ez delako izaten okerra zuzentzeko eduki dugun bera.

Interneten bidez jasotzen dugunaz, zer esanik ez. Gehienetan zaila da bereiztea zer den zuzena eta zer okerra. Gaur egun guztia azaltzen da Interneten eta hor behin jarritakoak betirako irauten du, ezin da ezabatu leku batzuetako legeek horretarako aukera eman arren. Informazioaren munduan bizi gara, edozein da kazetari, edozeinek zabaldu lezake argazki bat, edozeinek jarri lezake argazkiaren gainean edo azpian zerbait,eta hori egia izan liteke edo gezurra.

Pribatutasunari buruzko eztabaida, intimitatearen mugei buruzkoa eztabaida zaharra da, beti kezkatu izan da gizakia berari buruz besteek dakitenaz, huts egiteak eta okerrak zabaldu ez daitezen eta nahi ez dugun informazioa ahalik eta pertsona gutxiengana iritsi dadin. Baina orain guzti hori ezinezkoa da, teknologiak aukera ematen digu zerbait gertatzen denean munduaren beste puntan momentuan jakiteko eta horrek inongo babesik gabe uzten gaitu.

Ez dugu eragozpenik okerrak egin omen dituztenen izenak zabaldu daitezen, eta ezagunak badira poztu egiten gara. Iruditzen zaigu okerra egin duenak ordaindu egin behar duela, baina askotan eragozpenik gabe onartzen ditugu pertsona baten borondatearen aurka zabaldutako informazioa edo irudiak, iruditzen zaigu informazio hori lortuz gero, zabaltzea zilegi dela …

Agian, jakin beharko genuke baten batzuk badakitela ordenagailuaren aurrean jartzen garenean nondik nora ibiltzen garen, ze orrialdetan sartzen garen edo norekiko harremanak izaten ditugun. Gure telefonoak kontrolpean daudela, eta baten batek nahi balu, informazio hori zabaldu lezaketela. Agian, nonbaiten idatzita dago zenbat aldiz ez dugun ordaindu BEZ zerga, edo zenbat aldiz urratu dugun trafiko kodea. Horiek eta askoz ere arriskutsuagoak izan litezken informazioak eta datuak pilatuta daude eta zabaldu litezke.

Delitua egin duenak, legea urratu duenak, ordaindu egin behar du, baina horretarako arau zehatzak ditugu eta muga batzuek hautsiezinak beharko lukete. Baina gure gizartean ez da hori gertatzen, guztia jakin nahi dugu, guztia jakin dezakegu, baina, beti ere, besteak baldin badaude ataka gaizto horretan.