Itxi

kirolak

Eyjafjallajoekull

Kirolak ere errauts-hodeiaren eraginak nozitu ditu

Jon Lopez

Erredakzioa

Kirol-jardunera asko bertan behera gelditu dira Eyjafjallajoekull sumendi islandiarraren erupzioak eragindako arazoak direla eta.

Kirolak ere jasan ditu Eyjafjallajoekull sumendiaren erupzioak eragindako errauts-hodei erraldoiaren ondorioak. Milaka hegaldi bertan behera gelditu dira eta nazioarteko kirolak hegazkina du bere joan-etorrien ardatz nagusia. Beraz, kaosa ere kirolaren munduan.

Kasu batzuetan, kirolariek, kirol-kazetariek eta zaleek beste garraiobideak aukeratu dituzte kirol-jarduera handietara heldu ahal izateko. Autoz edota autobuses milaka kilometro egitea irtenbide izan zaio asko eta askori. Beste kasu batzuetan, ezin izan dira heldu eta partida, lasterketa eta txapelketa asko bertan behera gelditu dira, hegaldi asko bezalaxe.

Ondoren, kirolaren esparruan errautsak eragindako anabasaren adibideetako batzuk:

- Motoziklismoko Japoniako Sari Nagusia atzeratu egin da. Apirilaren 24ean ez eta urriaren 3an lehiatuko da.

- Bat Formularen kideek arazo ugari izan dituzte Shangai hiria uzteko, Txinako Sari Nagusian parte hartu ondoren. Espainiako Sari Nagusia zalantzan egon da, baina atzerapena baztertu dute antolatzaileek.

- Italiako Giroa Amsterdanen du jarrita hasiera datorren maiatzaren 8an. Arazo ugari daude materiala bertara eramateko.

- Alberto Contadorrek, Benjamín Noval taldekidearekin batera, 2.000 kilometro inguru egin ditu Lieja-Bastogne-Lieja eta Flèche Wallone lasterketetan parte hartu ahal izateko.

- Igandean lehiatutako Amstel Gold Race lasterketak baja ugari izan zituen, txirrindulari askok ezin izan baitzuten Holandarainoko bidea egin.

- Londreseko Maratoian parte hartzekoak ziren lasterkari asko ezin izango dira bertan lehiatu. Gainera, antolatzaileek airearen egoera aztertuko dute, osasunerako kaltegarria izan daitekeelakoan errautsaren eragina.

- Bartzelonak autobusez egin du Milanerako bidaia, Interren aurkako Txapeldunen Ligako partida jokatu ahal izateko. Joatekoak ziren zale asko, ez dira joan.

- Waterpoloko mundu-ligako Espainia-Serbia partida ez da jokatuko, epaileek, FINAko ordezkariek eta Serbiako espedizioak ezin izan baitute bidaia egin.