Itxi

Athletic Club

Toquero, deialdian

Osasuna-Athletic: Orbaizen parte hartzea kolokan dago

Haritz Gallastegi

San Mamés

Erdilari zuri-gorriak min dauka bizkarrean. Iturraspe eta Toquero dira hemeretzi jokalariko deialdiko nobedadeak.

Caparrosek azken unera arte itxaron beharko du Pablo Orbaiz zelairatzeko moduan dagoen ala ez jakiteko. Erdilari nafarrak min hartu zuen bizkarrean atzoko lan saioan, eta oraindik arazoekin jarraitzen du. Horregatik Ander Iturraspe deialdian sartzea erabaki du. Erdilari gaztearekin batera Toquero da zerrendako berritasuna. Azken partida bietan parte hartu ostean, Diaz de Zerio kanpoan geratu da.
Lan saio ostean egindako prentsa agerraldian nahiko argi utzi du entrenatzaileak Ustaritz izango dela Iraolaren partez jokatzeko aukeratua. "Konfiantza daukagu bere dohainetan. Denboraldion inoiz baino jarraikortasun gehiago izan du lan saioetan", adierazi du teknikariak.

Euskal derbiaren gainean, berriz, gainerako protagonisten antzera, intentsitate handiko partida aurreikusten du Utrerakoak. Hori bai, ez du uste Osasunak aparteko presiorik duenik. "Osasunak egin ditu etxeko lanak. Salbatuta dago", esan du.

Ustezko hamaikakoa:

Athletic: Iraizoz; Ustaritz, San Jose, Amorebieta, Koikili; Gurpegi, Javi Martinez, Orbaiz, Gabilondo; Toquero eta Llorente.