albisteak
Trafikoa
Zazpi urteko bi neska hil dira auto istripu ezberdinetan
Erredakzioa
Istripuak Ourense eta Almeriako probintzietan gertatu dira. Lehenengoan, autoa errepidetik ateratzearen ondorioz gertatu da ezbeharra, bigarrenean berriz, bi autok aurrez jo dute.
Zazpi urteko bi neska hil dira bart gertatutako bi auto istripuren ondorioz. Lehenengoa Ourenseko San Cibrao de las Viñasen izan da, auto bat errepidetik atera denean. Gidaria larriki zaurituta gertatu da eta alkoholemia proban positibo eman du.
Horrez gain, Guardia Zibilak zazpi urteko haurrak segurtasun uhalik gabe zihoala adierazi du, gidariarekin zihozen beste bi pertsonak uhala beharbezala lotuta zeramaten bitartean. Biak zauri larriak izan dituzte.
Ezbeharra A-52 errepidean gertatu da, zauritutako guztiak eta hildako haurra zihoazen Citroen ZX autoa bidetik atera eta 15-20 metroko altueratik jausi denean.
Kontrako noranzkoan
Almeriako zazpi urteko haurra, bestalde, A-7 autobian Kontrako noranzkoan zihoan auto batek eragindako kolpearen ondorioz hil da. 112 Larrialdietako Zerbitzuak 22:00ak inguruan jaso zuen istripuaren berri. Abisua eman zuen pertsonak A-7 autobidearen 544 kilometroan auto ezberdinen arteko kolpea egon zela esan zuen.
Suhiltzaileak, Guandia Zibila eta osasun zerbitzuak bertara heldu zirenean, ezin izan zuten zazpi urteko neskarengatik ezer egin.
Ezbeharra kontrako noranzkoan zihoan auto batek eragin zuen beste auto bat aurrez-aurre jota. Ondoren bigarren auto honekin beste bi autok talka egin zuten, bertan zihoazen bidaiariek ez zuten zauririk izan.
Hildako haurra eta zauritutako lau pertsona kontrako noranzkoan zihoan autoaren kontra aurrez jo zuen autoan zihoazen. Beste autoko 35 urteko gidaria kotxean harrapatuta geratu zen eta suhiltzaileen laguntza behar izan zuen handik ateratzeko.