Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Al Adnaniren arrastoa

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Londresko atentatuak jihadismoarekin lotura ote duen ikusteko datu gehiago behar ditugu, baina Al Adnani ISISeko ideologoak jarraitzaileei duela bi urte esan zionarekin bat dator.

Londresko atentatuak jihadismoarekin lotura ote duen ikusteko datu gehiago izan behar ditugu esku artean. Baina Al Adnani ISISeko ideologoak bere jarraitzaileei orain bi urte esan zionarekin bat dator erabat: "Nonahi daudela ere, egin ezazue fedegabeen aurka, dituzuen bitartekoak dizutela ere. Harrapatu zuen autoz, labanaz eraso egin, burua harri batekin txikitu edota bota itzazue leku garai batetik".

Londresko atentatuaren atzean dagoen arrazoia dena delakoa izanik ere, Europako hirietan gero eta handiagoa da segurtasun gabeziaren sentsazioa. Oso zaila da horrelako erasoak aurreikustea; eta eragoztea, berriz, kasik ezinezkoa. Lehergailuak egin edo merkatu beltzean armak erosteak beti uzten du arrastoa; baina susmorik piztu ez zuen norbaitek autoa hartu eta oinezkoak harrapatzea erabakitzen badu, ezinezkoa da ezer egitea.

Jar litezke hesiak, jakina, jendez gainezka egon ohi diren leku berezietan: azoketan eta festetan, adibidez. Hori egin zuten, hain zuzen ere, iazko udan Frantzian. Ez dago zalantzarik atentatuak saihestu ditzakeela, eta haien eraginak gutxitu. Baina hirietako kale eta zubi guztiak babestea ezinezkoa da guztiz. Ikusi beharko dugu Londreseko atentatuak utzitako kalte moral eta ekonomikoak zeintzuk diren. Parisek ez du oraindik 2015eko azaroko atentatu aurreko turista kopurua errekuperatu.