Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Aurrekontuak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Donald Trumpek aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du, eta kanpainan agindutakoak beteko dituela ematen du: gastu militarra handitu, eta gizarte laguntzan mozketa beldurgarria egin.

Esan ohi da gizakion izaera ezagutzeko diruaren erabileran dugun jokaera benetan adierazgarria izaten dela, batez ere norberaren dirua denean. Alderdi politikoei dagokionean, berriz, beraien benetako ideologia aurrekontuak egiterakoan azaltzen dela esan genezake.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente aukeratu izanak benetako astindua eragin zuen mendebaldean, batez ere Europar Batasunean, baina egunak pasatu ahala, bere arduren eta eraginaren garrantziaz jabetzen joan den heinean jarrera aldatu duela dirudi. Bere adierazpenetan kontu handiagoa azaldu du, eta zenbait iritzi nabarmen aldatu ditu epe oso laburrean. Baina aste honetan aurkeztu duen aurrekontu zirriborroan argi eta garbi erakutsi du bere asmo eta helburuetan ez dela aldaketa txikiena ere izan.

Kontuen ardatz nagusiak laburbilduta azaltzen zaigu AEBk duten zorra eta defizita murrizteko, giza-laguntzan eta gizarteko talde ahulenen babeserako funtsetan mozketak beldurgarriak direla. Nazioarteko jardueran gauza bera, Nazio Batuei ematen dien dirua erdira murriztu nahi du, batez ere bake planak bideratzeko arloan. Lankidetza sailean murrizketa % 30 inguru da. Horrek esan nahi du gosearen aurka edo lurraldeen garapenerako proiektu guztietan Estatu Batuek jarri ohi duten dirua beste zerbaitetan erabiliko dutela. Eta Trumpek esan digu zertan. Defentsa gastuak % 10 handituko ditu, aurrekontu berezia izango du Mexikoko mugan eraiki beharreko hesiak. Klima aldaketaren aurka hartutako konpromisoak ez ditu beteko, eta hor dirua aurrezteko asmoa du presidenteak. Zergak jaitsita jasoko ez duena, berriz, petrolio ekoizpena handituta, Artikoko babestutako natura eremuan ustiaketak eginda, eta Estatu Batuek dituzten petrolio erreserbak salduta lortzeko asmoa du.

Trumpen aurrekontuak atalez atal aztertuz gero, berak behin eta berriz adierazi eta gehienoi zorakeria iruditzen zitzaiguna goitik bera betetzeko asmoa duela erakusten digu. Onartu ohi dugu politikoek hauteskunde kanpainan zerbait agindu eta ondoren kontrakoa, edo gutxienez beste zer edo zer egitea. Trumpen kasuan, badirudi ez dugula ulertu esan ziguna, edo bere boto-emaileek nahi izan zutena entzun zutela. Trumpek zion bera herrikoa eta herriarena zela, ahulenak zegokien lekuan jartzea zela bere helburu nagusia. Beti agindu dutenei aurre egingo ziela, eta estatubatuar guztiek lana izango zutela eta bizimodu hobea.