Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Boterea eta ahalmena

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

- Erredakzioa -

Trumpek bere agintaldiaren lehen sei hilabeteak bete ditu, eta ez da izan gai kanpainan zehar agindutakoak betetzeko; izan ere, ahalguztiduna ez dela konturatu da.

Aste honetan 6 hilabete bete dira Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente izendatu zutela; hori dela eta, bere agintaldiaren lehen zati horren azterketa egin dute adituek: ondorio nagusia izan da agindutako bakarra ez duela bete. Trumpek esan zigun bera zela herriaren ordezkaria eta herritik sortua; Mexikoko muga osoa itxiko zuen hesia eraiki, itxi eta mexikarrei ordainaraziko ziela; eta Obamaren osasun erreforma bertan behera utziko zuela. Denbora gutxi behar izan dugu pertsona arrunta, xehea, herritik sortutakoa ez dela ohartzeko. Obamaren osasun plana hortxe dago eta Mexikoko hesian ez diote burdin hari bakarra gehitu orain arte eraikitakoari.

Trumpek egiaztatu du, orain dela 8 urte Barack Obamak berehala ikasi zuena, hau da, demokrazietan, boterea banatuta dagoen sistematan, pertsona, ahaltsuena izanda ere, mugatuta dagoela, eta hitz egin, hitzartu eta helburuen zati bat alboratu beharra dagoela. Ez dago sistema perfekturik: dauzkan akatsen neurriaren arabera sailkatzen ditugu onenak, ez hain onak eta zalantza handiak sortzen dituztenak. Demokrazia mugatua eta gabeziaz betetakoa da, eta askotan garrantzitsuagoa da nola lortzen dugun zerbait, jorratutako bidea, helburua bera baino; zorionez, hoberena soilik ona edo egokia denaren etsai amorratua delako.

Agian horregatik guztiagatik, mundua era bortitzean astindu duen krisiaren ondorioz, leku askotan 'gobernu indartsuak' sortzen ari dira, hots, demokraziak eskatzen dituen tramite neketsuak alde batera utzita, bidea garbi adierazten diguten aitzindariak, buruzagi indartsuak, aukeratzen dituzten sistemak. Errusian, Turkian edo Hungarian, berez, bide demokratikoak jorratzen dituzte, ordezkariak hautatu eta erabakiak hartzeko; alabaina, buru gorena bihurtu da egituraren oinarri eta lorpenen giltzarri. Bera da jaun eta jabe, berak du azken hitza eta bera gabe ezin da pauso txikienik eman.

Baina arau demokratikoak arduraz eta zehaztasunez betetzen dituzten herrialdetan ere aldaketak gertatzen ari dira, jokaera zalantzagarriak sortu direlako. Lehendabizi alderdian, eta, ondoren, agintera iritsiz gero, baita gobernuan ere. Bozketa edo hauteskundeak irabazi dituen buruzagiak aginte eta eskumen guztia bereganatzen du, pertsona eta erakundeen gainetik berak du lehen eta azken hitza. Errealitatea likidoa omen den garai hauetan, egia bereizteko horrelako zailtasunak ditugunean, zuzena eta okerraren arteko aldeak zirriborro ulergaitzetan ihes egiten digunean, agian merezi du kontu gutxi batzuk sendoak izatea, besteak beste, guztiok dugula baten bat gainetik eta norbait beherago.