Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ohitzera ohitu

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Informazioa kontsumorako gaia bilakatu dugu, hori ere saldu egin behar dugu. Albiste ugari eta azkar eman beharra dago. Albisteek astindu egin behar gaituzte.

Esan ohi da gaurko gizartea, gaurko belaunaldiak informatuenak direla, historian zehar sekula ez dugula izan horrenbeste aukera eta tresna gure inguruan eta munduan zehar zer gertatzen ari den jakiteko. Egunero, orduero, edonoiz edonon gertatzen ari dena jakin genezake. Adituek diote, hala ere, horrenbeste informazioa jasotzeak ez gaituela derrigorrez jakintsuagoak egiten, eta jende askok benetako zailtasunak dituela etenik gabe iristen zaion berri pila hori antolatu, ulertu eta ondorioren bat ateratzeko.

Ziur aski bakoitzak arrazoi eta helburu ezberdinak ditu albisteak entzun edo telebistari begira egoteko. Zalantzarik gabe irudi gordinenek ez digute zirrara bera sortzen guztioi eta jakin-mina eta interesgune zeharo desberdinak ditugu. Azken urte hauetako beste ezaugarri bat azkartasuna da, guztia berehala behar dugu, eta hor sakelako telefonoak mesede baino kalte handiagoa egin digu. Bururatu orduko behar dugu dena, zoritxarrez horretarako aukera ematen diguten tresnak baditugu, eta horrek sortzen du itxaron ezina lehendabizi, eta agudo nekatu eta aspertzea, ondoren.

Albiste emankizunetan horixe nagusitzen ari da, albiste ugari eta azkar eman beharra dago. Albisteek astindu egin behar gaituzte, anabasa, suntsipena, odola eta heriotza hurbiltzen badizkigute, hobe. Eta hor ere, berehala eskuratu eta azkar baztertzen ditugu iristen zaizkigunak. Aldaketa eta berrikuntza etengabeak dira, eta ilunabarrerako ahaztu dugu eguerdian txunditu gaituena. Oinazeak min ez badigu egiten, odola usaintzen ez badugu, ezin dugu sinistu begien aurrean duguna, une batez tristura edo amorrua sentitu arren. Agian horregatik betiko herrialdetako lehorteek eta goseak, aspaldi gerran dauden lurraldetako sarraskiek, urtea joan eta urtea etorri saiak jateko zorian dagoen umearen irudiak zaharkituak agertzen zaizkigu.

Sirian mundu gerra beldurgarria bizi dute azken sei urtetan. Afganistanen 16 urte bete ditu azkarra behar zuen gerrak. Israeldar eta palestinarren arteko gatazka gehienok jaio aurretik hasi zen… Eta hortxe segitzen dute, baina entzun orduko aditzeari uzten diogu, aspertu egin gara, badakigu zer dagoen, kontu berriak behar ditugu. Informazioa kontsumorako gaia bilakatu dugu, hori ere saldu egin behar dugu. Kontzientziak astintzea bidegabea salatzeko kontu zaharra da, beste garai batekoa. Gaur egun mugitu gabe eskura genezake nahi edo ahal dugun gehiena, urrutien dauden mugetara pauso bat eman gabe iritsi gaitezke, baina seguruenera inoiz baino urrunago iritsi gaitezken garai hauetan, inoiz baino itsatsiago gaude gure gertuko interes urrietara.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Analisiak