Itxi

albisteak

Elkarrizketa, eitb.com-en

"Ondo dago Barbara eta Gorka Otxoarekin txuletoi bat jatera irtetea"

Bea Sever

Miren Ibargurenek duela hamar urte utzi zuen "Goenkale" Madrilen lan egiteko. "Escenas de Matrimonio" saioari esker ezaguna egin zen. Orain, Soraya da "Aida"n eta laster zineman ikusiko dugu berriro.

  • Miren Ibarguren

    Miren Ibarguren

"Goenkale"n ezagutu zintugun, zer gogoratzen duzu saioari buruz?
Oso oroitzapen onak ditut, oso jatorrak izan ziren nirekin. Egia esan, asko ikasi nuen. "Goenkale" eskola ona da, egunero grabatzen delako eta, horrela, eskarmentua hartzen duzu.

Oso ezberdina da Madrilen lan egitea?
Lantalde bakoitzak bere erritmoa dauka eta bai, ezberdina da, baina badiotsut, eguneroko saio batean aritu izanak trebetasuna eman zidan.

Gogorra da aktoreen bizimodua Madrilen?
Beno, nik zorte handia izan dut lan asko egin dudalako, baina bai, une gogorrak daude. Hala ere, Donostian ere egongo ziren, ezta?

Barbara Goenagaren pisukidea izan zinen eta orain Gorka Otxoarekin bizi zara; euskaldunok biltzeko joera al dugu?
Badute, bai. Ondo dago elkarrekin irtetea eta noizean behin txuletoi on bat jatera joatea.

Donostiako beste aktore batzuk ere Madrilen bizi dira, Marta Etura eta Estibaliz Gabilondo, adibidez; biltzen zarete?
Ez, horiekin ez, baina Gorkarekin eta Barbararekin asko.

Noiz etortzen zara Donostiara?
Gutxi joaten naiz, "Aida"ren lan erritmoa dela-eta ez baitaukat astirik. Egunero grabatzen dugu; beraz, Gabonetan eta oporretan baino ezin naiz igo. Gainera, ez daukat gidabaimenik. Eta joaten naizenean, denbora gutxi eta jende asko daukat ikusteko.

Betidanik izan nahi izan duzu aktore? Noiz izan zenuen argi?
Oraindik ez daukat argi! Horrela sortu zait, gauzak etorri zaizkit... Nire gurasoen esanetan, txikitatik nahi nuen, baina ez dakit; une bakoitza bizi izan dut eta ez dakit noiz arte jarraituko dudan.

Orduan, baliteke psikologia ikasketei berriro ekitea?
Hori ez dizut ziurtatuko (kar-kar-kar).

"Escenas de Matrimonio" saioarekin benetan ezaguna egin zinen; zer sentitzen zenuen kaletik ezagutzen zintuztela ikusita?
Ez dizut esango txarra denik, ezta atsegina denik ere; bitxia da. Bat-batean, kaletik zoaz eta jendeak gelditu egiten zaitu, "Kaixo, musu bat emango didazu?", eta "flipatu" egiten duzu. Baina tira; ohitu egiten zara. Ez dakizu zenbat jendek ikusten duen "Aida", (kar-kar-kar).

Zelakoa da "Aida"n lan egitea? Barre egiten duzue?
Azken finean, lan bat da. Une barregarriak daude, baina lanean gaude. Jendeak uste du izugarri ondo pasatzen ari zarela, baina beste lan bat bezalakoa da: oso goiz esnatzen gara, ordu asko egoten gara lanean eta, bai, barre egiteko uneak daude, baina baita bulego batean ere.

Telebistan komedia egin duzu batez ere, baina zinean, Las trece rosas filmean, drama egin zenuen; zaila izan zen?
Erregistrora egokitu behar izan nintzen, baina asko ikasi nuen. Ondoren, beste drama bat egin dut, Estás ahí, Gorka Otxoarekin. Beste era batera prestatu behar duzu zeure burua, baina hori da aktore izateak daukan gauza onetako bat; lan bakoitzarekin ikasi egiten duzula.

Estás ahí filmatu ostean, komediara itzuli zara Una hora más en Canarias filmean. Dantzan eta abesten agertzen zara bertan.
Bai, oso jostagarria izan zen. Eszena bat gogoratzen dut, Madrileko kale baten erdian; hor kokatu ninduten, musika jarri zuten eta, dantzatzera! Egia esan, "subidoi" bat da. Behin lotsa kenduta, oso dibertigarria da.

Zinean eta telebistan lan egiteaz gain, antzerkia ere egin duzu; zer nahiago duzu?
Hirurak. Aktore lana egin ahal izatea nahi dut.

Aktore moduan, zein da zure ametsa?
Ez dakit. Lanean eta ikasten jarraitzea. Zure lanean etengabe ikasten egotea zorte handia da, eta horretan, oso zorionekoa naiz.

Aurrera begira, zer proiektu daukazu?
Une honetan, bat ere ez, eta izango banu, ez nizuke esango, zorte txarra ematen duela esaten dute eta. Oraingoz, oporretan noa.