Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Hasiberrien bilera New Yorken

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Lasai egon daiteke NBEn idazkari nagusia, Trumpek ez du erakundea desagerrarazi nahi. Erreformatu nahi omen du, dirua eraginkorrago erabiltzeko.

Bi hasiberrik eman zioten atzo bostekoa elkarri. Urtarrilean hartu zituzten biek euren karguak. Antonio Guterres portugaldarra, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) idazkari nagusia da, bata. Bestea, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea.

Guterres lasai arnasa hartzeko moduan da: Trumpek ez ditu Nazio Batuak desagerrarazi nahi. Erreformatu egin nahi du erakundea, dirua modu eraginkorragoan erabil dezan, baina ez da hura desagertzearen alde agertu. Hauteskunde kanpainan esana baitzuen Nazio Batuek ez dutela ezertarako balio, denbora galtzeko baino ez zeudenek osatzen zutela eta, oinarri-oinarrian, erakunde hori AEBren aurkari zela.

Badirudi hasi dela iritziz aldatzen. Ikusi du NBE erakunde egokia dela, adibidez, Ipar Koreari zigorrak ezartzeko. Eta, gainera, oholtza egokia dela bere ideiak haizatzeko. Ikusmin handia dago osoko bilkuraren aurrean gaur Trumpek zer esango duen. Bitartean, adierazi du Guterresek Nazio Batuetarako dituen erreforma asmoak babesten dituela. Egiaz, Guterresek ere nahi ditu burokrazia gastuak gutxitu baina nazioartek gaietan esku hartzeko indar gehiago ere nahi du. Eta horretan, bai, horretan zail izango du Trumpen babesa lortzea.