Itxi

albisteak

Elkarrizketa, eitb.com-en

"Errealitatea zifratan ematen dugu, ez da ikusten atzean dagoen drama"

Bea Sever

Egunero, Africa Baetak gaurkotasuna hurbiltzen digu ETB2ko albistegietatik. Ondoren, Iruñera itzultzen da arratsaldea hiru seme-alabekin igarotzera. Springsteeni buruz bloga idazteko astia ere badu.

  • Africa Baeta

    Africa Baeta

Bederatzi urtez asteburuetan lanean egon ostean, zer moduz astean zehar lan egiten?
Orain moldatu naiz, baina hasieran gogorra izan zen. Nik ia 10 urte eman ditut lan-talde berberarekin eta familia baten modukoak ginen. Gainera, haurrekin antolatzeko, nik uste dut iaz hasiberri-saria ordaindu nuela. Aurten hobeto daramat, izan ere, konturatu egin naiz ordutegi zorrotzak jarraitu behar ditudala, bestela ez naiz denera iristen.

Iruñean bizi zara. Zelan uztartzen duzu Bilbon lan egitea eta famili bizitza?
Bada, malabarismoak egiten. Ia bi orduko bidaia daukat, baina saiatzen naiz arratsaldeak haurrekin ematen, etxeko-lanak egiteko, eskolaz kanpoko ekintzetara eramateko, etab.

Oso ezberdinak dira asteburuetako albistegiak?
Bai, oso ezberdina da. Asteburuko albistegia lasaiagoa da. Astean zehar, eta are gehiago eguerdian, informazioa uneoro aldatzen ari da. Batzuetan aurkezten ari zaren bitartean aldatzen da. Dena dinamikoagoa da eta horrek gehiago inprobisatzera behartzen zaitu.

Katalunian jaio eta Iruñean bizi zinen. Zelan hasi zinen ETBn?
Nik Nafarroako Canal 4 telebistan egiten nuen lan, eta egun batean, ETBko aurkezle izateko castinga zegoela entzun nuen irratian. 2.000 pertsona inguru aurkeztu ginen eta lau heldu ginen finalera. Laurak sartu ginen.

Zelakoak izan ziren zure hastapenak Canal 4 telebistan?
Eskola ona izan da, eta bertatik telebistan ari den jende ugari atera da: Emma Garcia, Julian Iantzi, Iñaki del Moral... 20 orduz egiten genuen lan, benetan; batzuetan, goizaldeko 3ak aldera amaitzen genuen. Denetarik egin behar izaten genuen: kamera hartuta grabatzera joan edo prentsaurrekoetara, bideoak editatu... Gidoia ahal bezala egin eta, makillatu gabe, aurkeztera irteten nintzen.

2008an "Tu vista de Euskal Herria" saioa aurkeztu zenuen. Zelan gogoratzen duzu?
Niretzat opari bat izan zen. Oso lantalde profesionalarekin egin nuen lan eta asko ikasi nuen. Saioak kalitate handia zuen eta asko gozatu nuen egin nuen bitartean. Ondo dago noizean behin albistegietatik at zerbait egitea.

Zelako saioa gustatuko litzaizuke egitea?
Gaurkotasunarekin zerikusia duen baten bat. Ez nuke aurkeztu nahi, esaterako, saio arrosa bat. Albisteekin lotura mantentzen duen zerbait egin nahi nuke.

Nazioarteko politikaren jarraitzaile sutsua zarela adierazi duzu askotan. Zein da une honetan gehien erakartzen zaituen gaia?
Nik interes handiz bizi izan nuen Irakeko inbasioa eta Azoreetako bilkura. Oso gogorra zen ikustea zelan aurkezten zuten dena eta gezur hutsa zela jakitea. Ondoren, oso interesgarria iruditu zitzaidan Obamaren garaipena eta Bushek alde egitea. Estatu Batuek izan duten presidenterik txarrenetarikoa izan da Bush, nire ustez. Baina nazioarteko albisteak emateak frustrazioa sortzen du zentzu batean: askotan errealitatea zifratan laburtzen dugu eta jendeak ez du sumatzen zifra horien atzean dagoen drama. Adibidez, Iraken 60 pertsona hil direla esaten dugu eta jadanik inor ez da hunkitzen, baina horren atzean dagoena oso gogorra da. Zentzu horretan, frustrazioa sortzen du.

Bakea iritsi dela da aurkezle guztiek eman nahi duten albistea. Laster emango duzula uste duzu?
Aurretik eman ez diren urrats garrantzitsuak ikusten ari garela uste dut, baina zuhurra naiz, ez dakigulako zer gerta daitekeen. Ilusioarekin bizi dut, baina zuhurtasunez ere bai.

Zure senarra ere kazetaria da. Zure lanarekin kritikoa al da?
Kritikoa da, baina batzuetan kritikoagoa izatea nahi nuke. Askotan galdetzen diot ea zelan egon naizen eta ondo egin dudala esaten dit. Komunikazioan aditua da eta batzuetan era honetako gauzak esaten dizkit: “Gai hau gaizki saldu duzu, beste ikuspuntu hau eman behar zenion...”.

Zure izenak badauka istorio bat atzean. Zergatik Africa?
70eko hamarkadan nire aitaren lanbidea bidaiak egitea zen, garai horretan ezagunak ez ziren ibilbide berriak zabaltzen zituen. Felix Rodriguez de la Fuenteren laguna zen eta, bien emazteak haurdun zeudela, lehenago jaiotzen zen neskatoa Africa deituko zela adostu zuten, eta neu izan nintzen.

Zure aitaren bidaiekiko zaletasuna baduzu?
Bai, txikitan nire aitak bidaia asko oparitu zizkigun eta nik gogoko dut bidaiatzea. Beti esaten dut gehien hunkitu nauen bidaietako bat Indiarakoa izan dela. Ezer ez zuen jendea irribarretsu ikusteak harritu egin ninduen. Haurrekin bidaiaren bat egin dugu, baina nire seme-alabek orain daukate urrunago bidaiatzen hasteko adina.

Zelan ikusten dute etxekoek jendeak kalean gelditzea?
Iruñean bizi gara eta bertan denak gara ezagunak; beraz, modu naturalean ikusten dute. Beno, uda Bizkaian igaro dugu eta han bai, harritu egin dira jendeak autografoak eskatzen zizkidala ikusita.

Hiru seme-alaba eta etxetik urrun lanean, eta oraindik ere Bruce Springsteeni buruzko bloga idazteko astia duzu.
Hori beste opari bat izan da eta asko atsegin dut. Beti ateratzen dut post bat sartzeko astia. Nik ez nuen mundu hau asko ezagutzen eta konturatu naiz etorkizuna Interneten dagoela. Blog bat idazten duzu eta jarraitzen zaituen eta erantzuten dizuten pertsonen taldea osatuz zoaz. Komunikazioa ez da alde bakarrekoa telebistan bezala, baizik eta alde askotakoa. Gaia proposatu zidaten eta oso pozik nago; izan ere, Bruce Springsteen beti izan dut gogoko, baina blogari esker gehiago ezagutu dut eta are gehiago gustatzen zait.