Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ezinezkoak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Klima aldaketaren auzia konpontzea ezinezkoa da, arazoa gu garelako, ez guk egiten duguna.Gaur egun gizateriaren zati batek dugun kontsumo maila asetzeko bi mundu beharko genituzke.

Stockholmen orain dela 45 urte lurraren lehen goi-bilera izan zenetik, klima aldaketa hitzetik hortzera azaltzen zaigu ingurumenari buruzko elkarrizketa, eztabaida eta azterketa guztietan. Batzuek diote ez dagoela aldaketarik, beste batzuek, berriz, aldiro-aldiro naturak berak eragindako zerbait dela. Aditu gehienen iritziz gizakiak lurrari eta izaki biziei egindako kaltea begi bistakoa da, ez dago ukatzerik, hala ere, epe handiagoko neurketak beharko ditugu hori klima aldaketa den ala ez egiaztatzeko.

Baina seguruenera, gero eta nabarmenagoa den arazo honen jatorria eta sustraiak beste batzuk dira. Milaka urtetan zehar gizakiak bizimodu orekatua izan zuen naturarekiko harremanetan, bere jarduerak ez zuen apenas eraginik bera baino askoz ere handiagoa zen antolaketa autonomo horretan. Baina XVIII. mendean hasi ziren benetako aldaketak, industria iraultzak amaigabeak ziruditen baliabideen muga gabeko erabilera eragin zuen. Gizaki txikia menderaezina zirudien izaki izugarri hura mendean hartu zuen, eta bi gizaldiko epe laburrean oreka guztiak irauli zituen. Gaur egun badakigu gizakiok hondatu dugula desegindakoa. Berotegi efektua guk eragin dugu erregai fosilen bidez.

Stockholmetik gaur egun arte egindako batzar guztietan adituek hitz bertsuak erabili izan dituzte dugun arazoa zehaztu eta konponbideak aldarrikatzeko: kontsumoa urritu, baliabideak egokitu eta energia garbiak erabili. Baina konponbidea ezinezkoa da, arazoa gu garelako, ez guk egiten duguna. Industri iraultza hasi zenean 1.000 miloi biztanle ziren munduan. XX. mendearen hasieran 1.650 miloi. XXI. hasieran 6.000 miloi eta gaur egun 7.500. Gizaki guztiok behar bertsuak ditugu, nonbaiten bizi behar dugu, jantzi beharra daukagu eta egunero janaria ezinbestekoa zaigu. Baina beharrak asetzeko aspaldi asmatu genuen sistemak eragile nagusi eta ia bakarra du, kontsumoa.

Gure sistema ekonomikoa, munduko biztanleen % 99arena, kontsumo horretan oinarrituta dago. Beharrak asetzeko ekoizten dugu, aberastasuna pilatzea derrigorrezkoa zaigu ongizate gizartearen oinarriei eusteko,eta horretarako ekoiztu eta kontsumitu beharra dago, ez dugu bide hobeagorik asmatu. Kontsumoa mugatzea ezinbestekoa dela dioten gehienek bide hori neurri gabe jorratu dutenak dira gehienetan; "paradisu" horren onurak bizi ez duenak horixe du helburu nagusi.

Gizaki orok eskubide berdinak ditugu eta bizitzaren antolaketa bertsua egin ohi dugu horretarako aukera egokiak izan ditugunean. Gaur egun gizateriaren zati batek dugun kontsumo maila asetzeko bi mundu beharko genituzke. Guztiok, mendebaldeko erdi mailako klaseak duen kontsumoa izanez gero, mundua urte gutxitan agortu edo lehertu egingo litzateke. Igelari erreka pasatzeko eskatu zion eskorpioiaren gisa, halakoak gara eta ezin dugu gure izaera aldatu.