Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Berdintasuna eta parekotasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Sarriegi berdintasuna aldarrikatzerakoan parekotasuna ukatzen dugu, parekotasun beharrak erakutsi arren, zorionez, desberdinak garela.

Aste honetan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak dezenteko eztabaida eragin duen erabakia hartu du. Greziako neska batek tribunaletara jo zuen polizia izateko oposizioetan parte hartzeko gizonei eta emakumeei altuera bera eskatzen zietelako, batzuek eta besteek 1,70 metroko altuera izan behar zuten gutxienez azterketetan parte hartzeko. Auzitegiaren epaiak dio baldintza horrek emakumeekiko diskriminazioa sor lezakeela.

Luxenburgoko Auzitegiak adierazitakoak eztabaida zabalagoa eragin du, benetako justiziaren muga eta baldintzei buruzkoa. Zenbait egoeratan itxuraz erabat zuzena eta egokia dena, asko alda liteke apur bat arakatu ezkero. Entzun ohi dugu lantegi berean guztiek soldata bera jasotzea dela zuzenena, edozein izanda ere bakoitzaren lana eta ardura. Itxuraz egokia dirudiena injustizia handienaren adierazle izan liteke.

Gizartean eta gizarteak berak sortutako arauen eta legeen bidez, oihanaren logika gainditzea lortu dugu. Ez naturan, ezta gizakien artean ere ez dago berdintasunik. Guztiok gara desberdinak izatez, eta ezberdintasun horiek areagotu egin ohi dira jaiotako lekuaren eta familiaren arabera. Giza taldearen ahaleginak, zuzentasuna helburu izanik behinik behin, gehienok aukera bertsuak izatea da, parekotasuna izan dadila edozein lehiari aurre egiterakoan ezinbesteko baldintza. Erabateko parekotasunik ez dago, baina gure inguruko herrialdetan umetatik guztiok oinarrizko baldintza egokiak izatea da lehen helburua. Eskola doan, osasun zerbitzu egokia, elikadura bidezkoa… Horiek omen dira oinarriak diskriminazioa nagusitu eta baztertuta gera ez gaitezen.

Ukaezina da diruak eta inguruaren ahalmenak eragin handia dutela, beraz, ez da erraza izaten oreka lortzea. Baina egoera askotan ustezko justiziaren izenean egindako bidegabekeriak begi bistakoak dira. Nahi adina adibide aurki genezake, baina sarriegi berdintasuna aldarrikatzerakoan parekotasuna ukatzen dugu, parekotasun beharrak erakutsi arren zorionez desberdinak garela.