Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Denbora gehiago Alemanian

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Kristau-demokraten eta sozial-demokraten arteko koalizioa da gobernu aukera bakarra Alemanian. Merkelek denbora gehiago emango dio Schulzi, erabaki dezan.

Alemanian aurreko gobernua osatzeko, 2013ko hauteskundeen ostean osatu zenari, hiru hilabeteko negoziazioak behar izan zituzten. Negoziazio horien emaitza Koalizio Handi bat izan zen, bi alderdi nagusien arteko aliantza, kristau-demokraten eta sozial-demokraten artekoa. Oraingoan, ordea, oraindik denbora gehiago beharko dute. Iraileko hauteskundeek utzitako emaitzek gehiengo absolutua osatu ahal izateko bi koalizio aukera utzi ditu. Kristau-demokratek liberalekin eta ekologistekin izandako negoziazioek huts egin ondoren, aukera bakarra baino ez da geratzen, kristau-demokraten eta sozial-demokraten arteko koalizioarena.

Aukera hori ez da ez batzuen ez besteen gustukoa, baina ez dago beste biderik, inork ez baitu nahi berriro hauteskundeak egitea. Arazoa da Martin Schulz buruzagi sozialdemokratak argi eta ozen esan zuela bere alderdia oposiziora igaroko zela eta ez zuela Koalizioa Handiaren formula errepikatuko. Arazoa da orain nola aldatuko duen bere iritzia boto-emaileen aurrean gaizki geratu gabe. Horregatik Merkelen kristau-demokratek denbora gehiago ematea erabaki dute. Schulzek dio, erabakitzen duena erabakitzen duela ere, sozial-demokraten militanteek berretsi beharko dutela… Baina hori ez da gauza berria: 2013an ere, alderdiko militanteei galdetu zitzaien Koalizio Handia onartu aurretik, eta bi heren baino gehiago izan ziren babesa eman ziotenak.