Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Txikikeriak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Sarri zentzugabeko zurrunbiloetan korapilatzen gara, denbora pasa edo urrutiratu arte ez gara ohartzen huskerietan indar gehiegi xahutu dugula.

Eguneroko jardueran murgilduta eragozpenak izan ohi ditugu premiazkoa eta garrantzitsua bereizteko. Bata bestearen atzetik datozkigun arazo, kezka eta konpondu beharrekoek erabaki bakoitzaren benetako neurria antzematea galarazten digute. Sarri zentzugabeko zurrunbiloetan korapilatzen gara, denbora pasa edo urrutiratu arte ez gara ohartzen huskerietan indar gehiegi xahutu dugula.

Hori guri gertatzea gizabanako arruntoi, ez da harrigarria, baina azken urtetan badirudi deliberamendu benetan erabakigarriak hartu behar dituztenei antzekoa gertatzen zaiela. Abiadaren sasoian bizi gara, etengabe zirt edo zart egin behar dugu, erantzunak berehala behar ditugu. Gobernuak, erakundeak,  arduradun politikoak sarriegi azaltzen zaizkigu eztabaida antzuetan nahastuta, beraientzat bakarrik balioa duten auzitan borrokan, benetako behar eta arazoetatik urruti.

Gure inguruan, eta oro har, Europar Batasunean arazo eta kezka iturri ugari dugu, baina hiru hil ala bizikoak direla esan genezake. Ezin dugu muga gabe segi mundua agorrezina bailitzan. Behin eta berriz arazoa hortxe dagoela esan arren, hitz larriak erabili arren, ez dugu sinisten gure bizitzeko modua, eta batez ere gure kontsumo maila benetako suizidioa dela, guretzat edo gure seme-alabentzat hondamendiaren bidea dela. Populazioaren hazkundea eta pertsonen joan etorriak antolatu beharra dugu, urte gutxiko epean aurpegian lehertuko zaigun gaitza bihurtu aurretik. Modu batera edo bestera, hazkundea murriztu eta antolatzen ez badugu benetako izurriteen gisa, baliabideak agortu, ingurumena suntsitu eta elkarrekiko gaitz larria izango gara berandu baino lehenago. Eta itxuraz muga gabe luzatzen ari garen bizitza itxaropena, minbizi saihestezina bilakatuko zaigu urte gutxiren buruan.

Zalantzarik gabe, egunerokotasunak antolaketa eta erantzunak eskatzen ditu, baina badirudi ez garela gai, egin litekeena eta egin beharrekoa bereizteko, konpromiso orokorrak hartzeko eta une batez txikikeriak alboratu eta epe motzean kaltegarria izan litekeena erabakitzeko. Politikoek eta arduradunek egoeraren gordintasuna ausardiaz azaldu beharko lukete, laster izango diren hauteskundeak ahaztuta. Eta guk behingoz mugikorraren pantailatik harago begiratu eta ikusteko adorea izan beharko genuke.