Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Biribilaren zuzentasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Munduak duen arazo larriena klima aldaketa ei da, eta horrekin lotuta, gero eta indar handiagoa hartzen ari den teoria iritsi zaigu: Ekonomia Zirkularra.

Esan ohi da boteretsuak zerbaitez kezkatzen direnean, kezka horren arrazoia benetako arazoa dela. Azken urtetan behin eta berriz gogoratzen digute munduak, edo behintzat gizateriak duen arazo larriena klima aldaketa dela. Ingurumena hondatzen ari garela eta berehala neurri zehatz eta zorrotzak hartzen ez baditugu, zuzen-zuzenean amildegira goazela. Gobernu eta erakunde gehienak konpromisoak hartzeko prest azaldu dira, datak, kopuruak eta abiadak zehaztu dituzte…

Eginbeharrak ez dirudi zaila. Ohitu behar omen dugu gutxiago izanez bizitzera, eta batez ere askoz gutxiago kutsatzera. Eta bide honetan iparra gal ez dezagun, gero eta indar handiagoa hartzen ari den teoria iritsi zaigu, Ekonomia Zirkularra. Laburbilduta bide horrek eskatzen digu ohiko norabide ekonomikoa aldatzea, ardatz aldaketa. Ezin dugu "erabili eta bota" oinarritzat hartuta aurrera segi, baliabideak agortzen ari zaizkigulako, ondorioz orain esaten digute erabili ondoren, zaborra eta hondakinak berriro lehengai bihurtu behar ditugula, batez ere ahal dugun guztia birziklatuta. Jokaera hau eraginkorra izan dadin guztiok egin beharko genuke ahalegina, izadiak etorkizuna izan dezan, natura birsortu ahal dadin.

Ez dakigu non hasi eta amaitu liteken leku berean irteera eta helmuga dituen bide hau, baina badirudi gaur egun ekonomiaren nondik norakoak bultzatzen dituzten eragileak beste batzuk direla. Gure ekonomia kontsumoan oinarrituta dago, gero eta gehiago sortu, gero eta gehiago ekoitzi, gero eta gehiago saldu, eta aberastasun handiagoa izango dugu gure beharrei erantzun eta ongizate gizartea sendotzeko. Adituek esaten digute ekonomia, gizatalde batek behar dituen baliabideak ekoiztea, guztien artean banatu eta kontsumitzea dela, eta horrela behin eta berriz. Jarduera horren bidez gizarte orok hazi eta garatzeko aukera izango du, eta bere kideak gero eta hobeto biziko dira.

Klima aldaketari aurre egin eta benetan eraginkorrak izan nahi badugu borroka horretan, ez genituzke bakarrik kontsumo ohiturak, ekoizteko erak eta saldu eta erosteko moduak aldatu behar bakarrik, gure bizimodua goitik behera baizik. Kapitalismoak, gizakiak gizaki denetik izan dituen joerak eta arauak bideratu ditu, dirua, ondasunen pilaketa, aberastasunaren indarra eta eragina aspaldikoak direlako. Klima aldaketaren arriskua da gaur egun dugun arazo eta buruhauste nagusia zalantzarik gabe, baina behin eta berriz adierazi eta aitortu arren, boteretsuenek kezka erakutsi arren, adituek inongo zalantza izpirik ez dagoela baieztatu arren, ez dugu sinisten arazo hori gurea denik, gugan eragina izango duenik, benetan hain larria denik. Eta itxuraz biribil horretan jirabiraka segitzeko prest gaude.