Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Besteak eta gu

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

azkenaldi honetan, legeetatik harago beste marra batzuk azaltzen ari zaizkigu, gero eta estuagoak, gero eta zorrotzagoak.

Elur-jausien gisa, aldiro-aldiro olde indartsuek astintzen gaituzte. Horrelakoetan badirudi errealitatea begi-bistan itxuraldatzen zaigula, ordura arte habe sendoak ziruditenak hareazkoak bailiran desegin eta biluzik eta babesik gabe uzten gaituztela. Dardara indartsu horiek ekintza bortitzetan izan ohi dute oinarria, baina batzuetan behe-laino lodien gisa inguru guztia estaltzen dute, leherketarik gabe, eta ez dugu jakiten non hasi eta non amaitu litezken.

Gizarteek, giza taldeek oro har, zer onartu eta zer arbuiatzen duten ez dago inon idatzita. Legeak garbi zehazten du non ditugun mugak, baina azkenaldi honetan, legeetatik harago beste marra batzuk azaltzen ari zaizkigu, gero eta estuagoak, gero eta zorrotzagoak. Hainbat auzitan ezinezkoa bihurtu zaigu barrea, umorea eta ironia. Beste batzuetan, aldiz, erabat debekatu zaigu egokia eta ezinbestekoa den iritzi orokorretik irizpideren bat izatea. Animaliekiko harremanetan, modu batera edo bestera, emakumea hizpide duten gaietan, pertsonon itxura edo kolorea tartean azaltzen bada… kontu handiz jokatu beharra dago esan edo idazten dugunak gaitzespen bortitzena eta mespretxu gogorrena jaso ez dezan.

Gizakion harremanetan beti izan dira eremu urraezinak, beti errespetatu ditugu ohitura zenbait, beti izan ditugu tabuak. Baina teknologiak inoiz baino urrutiago iristeko aukera ematen digunean, munduko edozein lekutan zer esan, zer pentsatu eta zer egiten duten, momentuan jakiteko aukera dugun garai hauetan, badirudi hesi ikusezinak inoiz baino gertuagotik inguratzen gaituztela, gure burua espetxe bihurtzera zigortuta gaudela. Pentsamendu eta adierazpen askatasuna ezinbestekoak dira gizaki gisa garatu eta gure buruaren jabe izan gaitezen, baina gaur egun, eta munduko leku garatu eta itxuraz askeenetan, hitza, esandakoa gure kontra erabil liteken tresna bihurtu da.

Uste duguna adierazteko lasaitasuna, osatu dugun iritzia eta pentsamoldea, beste guztiaren oinarrian daude. Hori gabe, gizarte barruko harremanek esanahi guztia galtzen dute, beldurrak, edo gutxienez, zuhurtasunak erabat mugatzen duelako garen edo izan nahi dugun hori. Garai batean apaizek eta zentsura arduradunek beste inork ikusten ez zuena suma zezaketen idazle, zinegile eta artisten lanetan. Imajina ezin genezakeen kontuak aurkitzen zituzten guk behin eta berriz irakurritako idatzietan. Zineman ikusten genuena beste zerbait zela erakusten ziguten. Barneratutakoaren esanahia zein zen zehazten ziguten.

Pentsamenduak eta hitzek ez lituzkete deliturik egin behar, adierazitakoak gure oinarrizko egiak zaurituko balitu ere. Bestela, gizakion arteko jarduera oro kutsatuta geratuko da, eta ez dugu jakingo nondik jaitsi den laino lodia.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Analisiak