Itxi

albisteak

Operazioa Iruñean

Semea, ama eta amona atxilotu dituzte droga saltzeagatik

Erredakzioa

40 urteko emakume bat, 20 urteko haren semea eta 72 urteko aurrekoen ama eta amona atxilotu dituzte Arrotxapeako euren etxeetatik 'speedball' dosiak banatzeagatik.

Familia bereko hiru lagun atxilotu ditu Polizia Nazionalak Iruñeko euren etxeetan ''speedball'' saltzeagatik (heroina eta kokaina). Polizia aurrekari ugari dituen 40 urteko emakume bat, droga banatzen laguntzen zuen 20 urteko haren semea, eta drogaren zati bat etxean gordetzen zuen 72 urteko aurrekoen ama eta amona atxilotu dituzte.

Iruñean eta inguruetan droga salmentaren puntu beltzak deuseztatzeko asmoz egiten ari diren ikerketak direla eta, Arrotxapeako Garde kalean drogazaleak ugaritu zirela antzeman zuen poliziak. Horiei jarraituz, droga saltzen ari ziren aipatutako hiru pertsonak atzeman dituzte.

Atxilotutako emakumea, L.E.H., ''speedball'' dosiak saltzen zizkien ohiko bezeroei. Gainera, aurretik adostutako kopuru baten truke, Iruñeko hainbat lekutara joaten zen droga etxez-etxe banatzeko.

T.H. izeneko semeak dosiak aurretik adostutako tokietara eramanez laguntzen zuen ama. Bere aldetik, F.H.M. amonak drogaren zati bat bere etxean gordetzen zuen, alaba eta ilobaren etxearen parean.

Egindako miaketen ondorioz, poliziak droga kopuru ezberdinak, dirua eta balantza elektroniko bat atzeman ditu, baita droga salmenta dela eta, erositako hainbat ondasun ere: eskuko telefonoak, telebista handi bat eta ordenagailu eramangarri bat.