Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Fata Morgana

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Egun hauetan, hauteskunde sistemari eta ordezkaritzari buruzko eztabaida gertu dugu, gure ordezkariek behin eta berriz diote ez dagoela demokraziarik boto guztien balioa eta eragina parekoa ez bada.

Gurean, eta gure inguruko demokrazietan, badira behin eta berriz aldarrikatu eta itxuraz itsu-itsuan sinisten ditugun bi axioma. Lehendabizikoaren arabera, gizaki oro errugabeak gara, aurkakoa, errudunak garela frogatu eta egiaztatu arte. Besteak dio, demokrazian pertsona bakoitzari boto bat dagokiola eta boto guztiek balio bera dutela. Errugabetasunari buruzko eztabaidak luze joko liguke, egoera askotan ez dugulako behar auzitegi baten epaia baten bat erruduna dela sinisteko. Sarri, gainera, gizarteak eta taldeak ez dio akusatuari errugabetasuna aitortzen zigorrik jaso ez badu ere. Bigarren kasuan, aldiz, inongo zalantzarik gabe uste duguna eta gertatzen dena ez datoz bat.

Herrialde bakoitzak bere hauteskunde sistema antolatzerakoan era askotako irizpideak izan ohi du kontutan. Garai batzuetan alderdi indartsuek gehiengo handiak lortu eta demokrazia diktadura bilakatu bazuten, ondorengoek sistema egituratuko dute hori gerta ez dadin, botoak gehiago banatu, negoziazioa eta akordioa ezinbesteko tresnak bihur daitezen. Hori gertatu da, esate baterako, Alemanian Bigarren Mundu Gerra ondoren. Beste leku batzuetan, aldiz, justu kontrakoa behar dute. Grezian eta Italian parlamentuan gehiengoa lortzen duen alderdiak ordezkari kopuru gehigarria eskuratzen du, gehiengoa osatzea errazagoa gerta dakion. Bi herrialde hauetan egonkortasuna dute helburu.

Beste sistema batzuetan, aldiz, barruti itxi samarrak erabiltzen dituzte. Frantzian hautesbarruti bakoitzean erabateko gehiengoa lortu behar du hautagaiak lehen edo bigarren itzulian; Erresuma Batuan, aldiz, barruti bakoitzean lehen postuan geratzen denak eskuratuko du parlamentari akta. Israelen, berriz, botoen % 2 gaindituz gero edozein alderdik izango du parlamentuan ordezkaritza. Hemen bere ideiak defenditzeko prest dagoen edonori eman nahi diote aukera, baina horrek benetako nahasmena sortzen du, alderdi askok lortzen duelako ordezkaritza parlamentuan eta akordioetara iristea lan benetan korapilatsua bihurtzen duelako. Sistema guzti hauek ezaugarri nagusi bat dute, botoak ez duela inon balio bera.

Frantzian eta Erresuma Batuan boto kopuru handia lor lezake alderdi batek, baina barruti bakar batean ez badu gehiengoa lortu ordezkaritzarik gabe geratuko da. Frantzian Fronte Nazionala, Asanblea Nazionalean ordezkaririk gabe izan da, hauteskundeetan botoen % 15 eskuratu arren. Egun hauetan, ordezkaritzari buruzko eztabaida gertu dugu, gure ordezkariek behin eta berriz diote ez dagoela demokraziarik boto guztien balioa eta eragina parekoa ez bada. Baina hori derrigorrezkoa egingo bagenu, Espainian zenbat ordezkari izan beharko lituzke Madrilgo probintziak eta zenbat Soriakoak? Boto guztiak berdinak balira Teruelek eta Avilak ez lukete ordezkari bakarra izango parlamentuan. Gasteizko Parlamentuan boto guztiak balio bera balute, Lurralde Historiko bakoitzaren ordezkaritza zeharo ezberdina litzateke. Frantziako sistemaren ondorioz, inongo baliorik gabe zakarrontzira doazen milioika boto horiek non geratzen dira? Ameriketako Estatu Batuetan nola lortu du Trumpek garaipena Clintonek baino hiru miloi boto gutxiago jaso arren?

Tenperatura aldaketen ondorioz munduko hainbat lekutan fenomeno bitxiak gertatzen dira, uharteak, ontziak edo itsaslabarrak ametsetako jauregi edo gazteluak bihurtzen dira. Han daude, ikusten ditugu, erabat sinesgarriak dira.