Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Arrakasta

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gizakia gizaki denetik izandako lorpen nagusiak finkatu beharko bagenitu, zalantzarik gabe ongizate gizartea eta bizitza luzatzeko erakutsi duen ahalmena handienen artean leudeke.

Gizakia gizaki denetik izandako lorpen nagusiak finkatu beharko bagenitu, zalantzarik gabe ongizate gizartea eta bizitza luzatzeko erakutsi duen ahalmena handienen artean leudeke. Zergen orekaren bidez, munduko hainbat herrialdetan biztanle gehienen oinarrizko beharrak asetzea lortu dugu, inor kale erdian baztertuta geratu ez dadila. Eta ahalegin horretan eredugarri Europako iparraldeko herriak izan dira.

Guretzat ameskeria hutsa zen garaian, iparraldeko herrialdeetan gizarte berri horren oinarriak eraiki zituzten. Bi ziren helburu nagusiak, herritar guztiek derrigorrezkoena izatea eta gizabanakoaren askatasuna eta independentzia ziurtatzea. Estatuak benetako babes sarea sortu zuen, haurtzaindegiak, adineko pertsonentzako egoitzak, etxean jaso zezaketen laguntzak… Inor, edozein izanda ere bere egoera, inoren menpe izan ez zedin. Estatuak betiko erakundeen lekua hartu zuen, familia, lagunak, auzokideak ordura arte ezinbesteko euskarri, babesle eta zaintzaile izandakoak iraganeko kontu bihurtu ziren. Jendeari bere kabuz bizitzeko tresnak eman zitzaizkion, baina laguntzarik behar ez izate horrek bakardadea ekarri du, gaur egun iparraldeko herrialde horietako arazo nagusietakoa bilakatu arte.

Esan ohi da, bizitzaren ezinbesteko amaiera heriotza zela ohartu ginenetik, hilezkortasuna dela gizakion amets handiena. Beti izan dira heriotza menderatu, edo gutxienez bizitza luzatzeko ahaleginak, eta azken hamarkadetan, orain dela gutxi arte pentsaezinak ziren aurrera pausoak eman ditugu. 10 urtetan hiru urtez luzatu dugu europarron bizitza itxaropena, gure gizartean gauzak ondo, 80 urte betetzera iristea erabat ohikoa bihurtu da... Baina luzapen arrakastatsu horrek beste ondorio batzuk baditu. Adin batetik aurrera gaitz fisikoak eta psikikoak neurri gabe zabaltzen ari dira. Inoiz ez dugu ezagutu bere buruaren jabe ez den horrenbeste jende. Familiek ez dute sekula horrelako zama izan ezinduak zaintzeko. Erakundeek ez dute ez dirurik, ez baliabiderik gero eta ugariagoak diren laguntza eskariei erantzuteko. Urte gehigarri horiek gainera penagarriak dira jende askorentzat…

Animaliengandik bereizten gaituena ei da, egindakoaz eta eginbeharrekoaz arrazoitu eta hausnartzeko dugun gaitasuna. Hori hala balitz, agian pentsatu beharko genuke menpekotasuna gizakion hartu emanen ezaugarrietako bat dela, erabateko burujabetza jainkoen eta zoroen dohaina dela. Heriotzaz, berriz, kontua ez dela noiz hil, nola hil baizik. Eta nola bizi hil arteko hori.