Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Estolderia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Skripalen auziak Errusiako zerbitzu sekretuei buruzko eztabaida eragin du adituen artean.

Erresuma Batuan inoiz sortutako arma kimiko indartsuenetakoa erabili dute hil honetan, Sobiet Batasunaren garaian egindakoa da, eta errusiarrek traidoretzat duten espia ohia hiltzen ahalegintzeko erabili dute. Londresko agintariek hasieratik Errusiaren kontra jo dute, baina bitxia da Theresa May lehen ministroak egindako lehen adierazpena: "Errusiak egin du erasoa, edo Errusiak zeukan gai kimiko hori eskuratu duen baten batek".

Auzi horrek berriro agerian utzi du zein den eta zein izan den estatuen egitura, erakundeen antolaketa eta euren arteko harremana. Herritarren ordezkaritza duten politikoek eguneroko jarduera bideratzen dute, etorkizuna antolatzen dute, harreman diplomatikoak erabiltzen dituzte arazoak eta gatazkak konpontzeko… Demokratikoak izan, indarraren bidez ezarritakoak izan, ageriko itxura bertsua dute, molde berekoak dira batzuk eta besteak. Baina guztiek, erakutsi ezin liteken beste aurpegi bat ere badute, ezkutuko lana egiten duena. Goikoak legeak eta arauak bete behar ditu, alde ilunekoak, aldiz, eskuak ia erabat aske ditu egin beharrekoa egiteko. Ziur aski ezin dira maila berean jarri guztiak, baina sortu dituen estatuaren defentsan kemen bertsua jartzen dute eta antzerako mugak urratzen dituzte.

Skripalen auziak Errusiako zerbitzu sekretuei buruzko eztabaida eragin du adituen artean. Zenbaitek dio estolderietan lanean ari diren talde batzuek uste baino askatasun eta indar handiagoa dutela zenbait erabaki hartzeko, Estatuaren baliabideak ia muga gabe erabil ditzaketela eta ez dutela politikoen oniritzia behar unean uneko pausoak emateko. Beti ere, norentzat ari diren lanean jakinda eta hutsegitearen ondorioak garbi izanda.

Estatuaren ezkutuko egiturak polemika iturri izan dira beti. Ez da azalpenik izaten, ez dira nondik norakoak zehazten eta mundu guztiak ontzat ematen du arduradun politikoen derrigorrezko betebeharra dela egin dutena babestu edo gutxienez ilunpean edukitzea. Hala ere, asko dira, gero eta gehiago, lainopeko egitura hauen beharra aldarrikatu eta goraipatzen dutenak. Hauen iritziz, estatu demokratikoa ahula da, arauetatik kanpo dauden defentsa tresnak behar ditu, legea urratu eta oinarrizko marra etikoak gainditzen baditu ere. Talde hauek egin lezaketen kaltea, beti izango da estatu demokratiko horren erorketak eragingo zukeena baino txikiagoa… Helburuak zilegi bihurtzen ditu bitartekoak.

Zoritxarrez edo zorionez, demokrazia eta giza eskubideak ez dira helmuga, bidea jorratzeko era baizik.