Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Nahi eta ezin

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Aldaketa eta hobekuntza xede izan eta erdietsi daitezkeela adierazten dugunean agindutakoa lortzen ez badugu, amets eta ilusio aukera guztiak deuseztatu egiten ditugu, etorkizunari ateak itxiaz.

Datorren hilean 50 urte beteko dira 68ko maiatzak, Europan zaharra eta berria zena marra nabarmenaz bereizi zituela. Utopia eta ametsa bihurtu ziren, euren gurasoen mundutik ihes egin nahi zuten gazteen aldarrikapenak. Ezagutzen zutenak ez zuen balio, erabat ezberdina izango zen zerbait behar zuten, eta hori bertatik bertara lor zitekeen.

Egun hauetan, aldaketa eta itxaropenaren ikur eta eredu izandako bi herrialderen nekeak eta ezina egiaztatzeko aukera izan dugu. Winnie Mandelaren heriotzak Hegoafrikara begira jarri gaitu une batez. Berak eta senarrak aldarrikatu eta amestu zuten gizarte askea, eskubide berdintasuna ekarriko zuena, amesgaizto bilakatu da beltz askorentzat, batzuek garai bateko jabeen eta irabazleen esparrua urratu badute ere.

Brasilen, baztertuen eta betiko galtzaileen ilusioa piztu eta bizimodu hobea izan zitekeela erakutsi zien aitzindaria kartzela bidean da. Lula da Silvak, bere bizitzaren ibilbideaz, mundu guztiko miserable eta zokoratuei adierazi zien zigorrak eta madarikazioak ez zutela betierekoak izan behar, aberastasunaren banaketan beraiek ere lekutxo bat izan zezaketela. Baina hori gauzatzea posible zela azaldu ondoren, gainbehera etorri zen. Ustelkeria, hartutako erabakien okerra, betiko zaurien ohiko zornea…

Parisko Maiatzeko oihuak eta kantuak hasi baino 20 urte lehenago, George Orwell idazle britainiarrak, utopien ameskeria era gogor eta gordinean irudikatu zigun, Abereen Etxaldea nobela ezagunaren bidez. Menderatuta eta zapalduta daudela, abereak euren buruaren jabe izan litezkeela pentsatzen dute, borrokaren bidez baserri hobea lor litekeela. Ugazaba bota ondoren, animaliek lana eta eguneroko jarduera antolatu eta emaitza bikainak lortzen dituzte, baina laster iraultza zuzendu duten zerriek aurreko jabearen portaera bera edo okerragoa izango dute etxaldea benetako infernu bihurtu arte beste abere guztientzat.

Aldaketa eta hobekuntza xede izan eta erdietsi daitezkeela adierazten dugunean agindutakoa lortzen ez badugu, ez dugu bakarrik etsipena eta ondoeza hedatzen, amets eta ilusio aukera guztiak deuseztatu egiten ditugu, etorkizunari ateak itxiaz. 68ko maiatzaren ekintzaileek oinarrizko beharrak asetuta zeuzkaten, galipota eta galtzada-harri azpian hondarrik ez zegoela egiaztatu zutenean aparteko eragozpenik gabe itzuli ziren euren etxe, taberna eta unibertsitate geletara. Hegoafrikan eta Brasilen galtzaileek ez dute nora bueltatu.