Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Izan ginena

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Nikaraguan sandinistek Somoza bota zutenean, mundu guztia herri txiki horretara begira jarri zen. Gero, urte batzuez, desagertu egin zen eta orain berriro zalaparta iritsi zaigu Sandinoren lurretik.

Aldi hartan errugabeak ginen, eta ziur aski uste baino inozoagoak. Munduak berak ulergarriagoa zirudien, aldekoak eta aurkakoak, zintzoak eta gaiztoak bereiztea eginkizun erraza zen. Gerra Hotzak zalantza ezbairik gabe erakusten zigun norenak ginen eta norekin egon gintezken. 68ko maiatzak zeruetako ateak ireki zizkigun, Vietnamgo gerrak ziurtasunak sendotu, eta Nikaraguako iraultzak helburua eskuetan genuela.

Urteen poderioz ohartzen gara noizbait zoriontsu izan ginela, hura bizi genuenean, hortaz, ez jabetu arren. Halako batean konturatzen gara gazte izateari aspaldi utzi geniola, baina ezin dugu zehaztu noiz zeharkatu genuen marra. Baten batzuk beranduegi jabetzen gara bizitza osoko lana eta ahalegina istant batean xahutu eta suntsitu litekeela.

Nikaraguan sandinistek Anastasio Somoza bota eta Somozatarren 40 urteko diktadurari amaiera eman ziotenean, mundu guztia, ordura arte inoiz erreparatu gabeko herri txiki horretara begira jarri zen. Europarron gehiengoarentzat ez zegoen zalantzarik. Erregimen basatia bota zuten, zapalkuntza jasanezinari amaiera eman zioten, beti ahaztuta eta zapalduta egondakoen aldarrikapenak gauzatu zituzten. Euren ahaleginaren zuzentasuna egiaztatzeko, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) bide eta tresna makurrenak erabili zituzten. "Kontra" izeneko armada sortu zuten, Nikaraguako portuak lehergailuz josi eta ahalegin berezia egin zuten Nikaragua inorentzat eredugarri bihur ez zedin. Managuako agintari berriek Hagako Nazioarteko Auzitegira jo zuten, eta horrek ere arrazoia eman zigun, Estatu Batuak errudunak ziren.

90ko hamarkada zaila eta gogorra izan zen nikaraguarrentzat, aldekoentzat eta aurkakoentzat, helburuak ez zirelako gauzatu eta gerrak sufrimendua gogortu eta luzatu egin zuelako. Sandinistek, hala ere, ez zuten amore eman, ez zuten erregimen itxi eta aldaezina eraiki, hauteskundeak deitu eta galtzeko dotoretasuna izan zuten. Violeta Chamorro presidente aukeratu zutenean, ametsaren lainoetatik jaitsi eta errealitatearen gordintasunaz jabetu ziren eta jabetu ginen.

Urtetan komunikabideetan egunero azaldu eta gure bizitzaren zati bihurtu ondoren, Nikaragua desagertu egin zen, ezerezaren mugetan amildu zen egun batetik bestera. Eta orain berriro zalaparta iritsi zaigu Sandinoren lurretik. Orain berriro jendea haserre, polizia kalean, tiroak eta hildakoak… Aspaldi ezkutatutako irudiak laino artetik agertzen hasi zaizkigunean, garai bateko aurpegiak ikusi ditugu, zahartuta, desitxuratuta, baina ia ahaztuta genituen garaietako presidente bera aulki gorenean eserita. Motel hitz egiten du, oker dabiltzanei aholkuak emango balie legez. Kanpoan ozen entzun daiteke "Somoza, Ortega gauza bera dira".