Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Harridura

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Azken hilabete hauetan pertsonai batek arau, muga eta harritzeko ahalmena erabat urratu eta gainditu ditu. Gezurra behin eta berriz esaten du, ordu gutxitara zuzendu beharko duela jakin arren.

Esan ohi da, gizakiok, pertsonok garena garela besteekiko harremanetan nortasuna eraiki eta errotuz. Besteek egiten omen gaituzte gizabanako, besteek bereizten gaituzte eta paregabe bihurtu. Horregatik besteekiko hartu-emanetan erabiltzen dugun kodea, erakusten ditugun keinuak, eskatu eta eskaintzen ditugun arauak erabakigarriak izan litezke non gauden eta zer garen finkatzeko, azken finean azaltzen dugunaren arabera epaituko gaituztelako besteek, eta hor oinarrituko delako gure irudia.

Harremanen esparru bakoitzak ezaugarri desberdinak ditu, gertutasunak, konfiantzak edo menpekotasunak erabat baldintza litzakete besteenganako bideak eta aukerak. Gure jokaera arras ezberdina izan ohi da egoeraren eta lekuaren arabera, baina gauden tokian gaudela, bete beharreko arauak beti izan ditugu. Banakako harremanek jokabide garbi eta zehatza eskatzen digute; jende aurreko azalpenek aldiz modu bateko edo besteko mozorroen atzean ezkutatzeko aukera ematen digute. Pertsona bakar bati adierazi beharrekoak gardentasuna eta zuhurtasuna izan beharko ditu ezinbestez; jende askori zabaldu beharreko mezuak, aldiz, itxura sendo eta sinesgarria erakustera derrigortuko gaitu. Eta arau zehatzen gailurra diplomazia omen da. Esan gabe jakinaraztea, hitz batzuk erabilita beste zerbait aditzera eman, eta beti ere jakinda askoren izenean ari garela.

Pertsona publikoen, eta batez ere gizartearen zuzeneko ordezkaritza duten politikoen ezaugarri eta dohain nagusiak sinesgarritasuna beharko luke izan. Aldekoa edo kontrakoa, zuzena edo okerra, gertukoa edo etsaia… Baina bere ahotik ateratzen dena eta bere keinuek erakusten dutena benetakoa dela sinistea nahitaezkoa da. Zoritxarrez gugandik gertu eta urrutiko eremuetan ohikoa bihurtu zaigu gezurra, ustelkeria, gehiegikeria, agindutakoa ez betetzea eta guztion ondare eta ongia gutxi batzuen altxor bilakatzea. Baina azken hilabete hauetan pertsonai batek arau, muga eta harritzeko ahalmena erabat urratu eta gainditu ditu.

Gezurra behin eta berriz esaten du, ordu gutxitara zuzendu beharko duela jakin arren. Pertsonen arteko harremanen oinarri-oinarrizko ereduak zapuztu ditu. Nazioartean, aldiz, mutiko istilutsuen portaera izan du. Ez daki, edo ez du jakin nahi presidenteen konpromisoak eta sinadurak herri osoaren izenean hartu eta egiten direla. Ez daki, edo ez du jakin nahi estatu eta gobernuen arteko hitzarmenek garrantzia eta balioa dutela. Ez daki, edo ez du jakin nahi ezin dela behin eta berriz mehatxu egin, betetzen ez bada mehatxua. Eta batez ere, ez daki edo ez du jakin nahi egin eta adierazten duen guztia herri osoaren izenean egiten duela. Zein fio liteke, berak esandako gezurretan oinarrituta, munduko gobernu indartsuenek eta nazioarteko erakunde nagusiek sinatutako akordioa hausten duenaz? Zein eseri liteke honen ondoan, zaila eta mingarria izan liteken zerbait eztabaidatu eta sinatzera?