Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Lotsa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Bigarren Mundu Gerraz geroztik nazioarteko harremanak baldintzatu dituen liskar eremua izan da Ekialde Hurbila. Bi estatuak sortu zirenetik borroka eta eztabaida izan dira nagusi, han eta munduan.

Edozein gatazka, auzi edo eztabaidatan ez da inoiz erabateko arrazorik izaten, lehian diren guztiek izan ohi dute egiaren zati bat, sekula ez baita zuri eta beltzeko egoerarik izaten. Hala eta guztiz ere, zenbaitetan desoreka begibistakoa da, hitzetan jartzen erraza ez bada ere.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik nazioarteko harremanak baldintzatu dituen liskar eremua izan da Ekialde Hurbila. Bi estatuak sortu zirenetik borroka eta eztabaida izan dira nagusi, han bertan eta munduan. Biktima zirudiena borrero bihur liteke bat-batean; eskubide ukaezinen jabe zena goizean, zapaltzaile madarikatu bilaka liteke arratsalderako. Azken 70 urtetan mota guztietako jokaerak ikusi ditugu lur zigortu honetan, alde guztiek pairatu dituzte ulertezintasunaren ondorioak, hala ere gaur egun ukaezina da zeintzuk diren irabazleak eta nortzuk galtzaileak. Baten batek esan du inoiz, gaur egungo irabazleek behin galdu izan balute gaur egun itsasoaz harago egongo liratekeela guztiak.

Historia luze honetan batzuek eta besteek jokaera makurrena izan dute, sen basatiena azaleratu dute, etsaiari gizaki izaera ukatu izan diote…Baina ez dago ohitzerik. Jokaera zenbaitek harridura, ondoeza eta lotsa sentiarazten dute. Egun hauetan gertaezina zirudiena, ankerkeriaren irudi izugarrienak erakutsi dizkigute komunikabideek.

Gaza eta Israel bereizi eta banantzen dituen hesian, gurpil erreek eragindako ke beltzaren bi aldetan etsaiak kokatuta azaldu zaizkigu. Alde batekoak ikusten genituen, beste aldean frankotiratzaile ikusezinak. Ez dakigu hesira hurbiltzen zirenek gainditzeko ahalmena eta baliabideak ote zeuzkaten. Burdin hariz, arantzez eta argindarrez osatutako hormaren atzetik tiro hotsak besterik ez ziren entzuten eta aldiro-aldiro gazte bat lurrera zihoan. Egun bakar batean 62 hil dituzte eta 3.000 zauritu. Medikuek diote zauri harrigarriak dituztela, jaurtitako balek ohi baino min handiagoa egiteko prestatuta baileude.

Baina irudi horiek ikaragarriak izanik, ondoren irabazleek adierazitakoak zitalkeria lotsagarrienen historia liburuan idazteko modukoak dira. Estatu Batuek Nazio Batuetan duten enbaxadoreak esan zuen Israelek neurriz jokatu zuela, beste edozein herrialdek ezin izango zuela lasaiago eta bareago aritu horrelako mehatxuaren aurrean. Lehen ministro israeldarrak esan zuen,  istiluen aurkako ohiko neurriek ez dutela Gazan balio, tresna hilgarriak erabiltzen ez badituzu ez duzu zereginik. Hiltzea ezinbestekoa izan zaigu. Biek ala biek oso garbi dute erruduna gazteak hesiaren aurka bultzatu zituena dela.