Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Italia galdu dugu

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Saihestu ezin den errealitatea dago Italian: euroeszeptizismoa ezarri da, edo argiago hitz eginda, Europarekiko fobia edo gorrotoa.

Sergio Mattarrella Italiako presidentearen erabakia oso arriskutsua da. Hauteskundeak irabazi dituzten bi alderdiek, Ligak eta Bost Izarren Mugimenduak, proposatutako ekonomia ministroa ez du onartu nahi izan. Argudioa da hautagai hori, Paolo Savona, euroaren aurkakoa dela eta gastu publikoa handitu nahi duela.

Hortaz, Mattarellak Carlo Cottarelli proposatu du lehen ministro kargurako: euroaren aldekoa eta gastu publikoa murriztearen aldekoa den politikoa. Eta erabaki horrek haserre bizian jarri ditu Liga eta Bost Izarren Mugimendua. Mattarellari leporatu diote partidu honetan "epaile" eta "jokalari" paperak betetzea, eta mehatxua egin dute: Parlamentuan gehiengoa dutenez, Cottarelliren kontrako botoa emateko prest daude. Eta hori gertatzen bada, hauteskundeak aurreratu beharko dituzte. Hauteskunde horietara begira, Mattarellak eskura jarri dizkie argudioak Europaren kontrakoak diren bi alderdiei: kanpotik datozen esku-hartzeen aurrean, Italiako abertzaletasun sutsuenaren defentsa, merkatuen inposizioei gogor egitea...

Baina, bada saihestu ezin den errealitatea: Italian jada euroeszeptizismoa ezarri dela, edo argiago hitz eginda, Europarekiko fobia edo gorrotoa. Boto-emaileen erdiak babesa eman zion Liga eta Bost Izarren Mugimenduari. Atzo, Bruselan, Atzerri ministro batek argi esan zien bere kideei: "Italia galdu dugu".