Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Garrantzizko kontuak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gaur egungo gizarte anitzetan, taldeak bereiztea, interes beretsuen arabera jendea sailkatzea, ez da batere erraza, pertsona beste amets eta helburu aurki baikenitzake.

Politika omen da, zenbaiten iritziz giza jarduera garrantzitsuena, hor erabakitzen dutelako ondoren eguneroko bizimoduan eragina duen guztia. Hainbatek dio aldiz ekonomia dela guztiaren sortzaile eta eragile, giza ekintza oro ekonomian oinarrituta dagoelako. Maitasuna eta giza harreman orekatuak sarri aipatu izan dira ondo samar bizi ahal izateko ezinbesteko baldintzatzat… Premiazkoa eta garrantzitsuaren artean ondo bereiztea berriz zaila egiten zaigu, askotan batak bestea gabe zentzu guztia galdu bai lezake.

Gaur egungo gizarte anitzetan, taldeak bereiztea, interes beretsuen arabera jendea sailkatzea, ez da batere erraza, pertsona beste amets eta helburu aurki baikenitzake. Gure ordezkarien aldarrikapenak eta eztabaidak entzuterakoan, behin baino gehiagotan burura datorkigu “aingeruen sexuaz” izan omen zen eztabaida handi hura.    Munduaren euskarriak dardarka zeudela, sua goitik behera zetorrela eta infernuaren ateak iristear zirela, Elizako jakintsuek aingeruek sexua ba ote zuten eta horrek izan zezakeen eraginaz eztabaida sutsuetan murgilduta azaltzen zaizkigu. Ez dakigu hori benetan gertatu ote zen, baina gaur egungo hainbat arduradun politikoren jarduna entzuterakoan, hura datorkigu gogora.

Europar Batasunean, politikoen ahalmena eta eragin aukera oso mugatuta dago, ziur aski zorionez. Europatik herrialdeetara iristen diren aginduak, zuzentarauen bidez gero eta gehiago dira eta erabat baldintzatzen dituzte estatu bakoitzeko legeak. Ekonomian, batik bat euroan sartuta izanik, gobernuek dituzten erabaki aukerak oso murritzak dira. Gure botoen bidez aukeratzen ditugun politikoek jakin badakite agintzen duten gehiena betetzea ez dagoela bere esku. Oraindik gainditu ez dugun krisi honetan esate baterako, berez indarra hartu zuen zurrunbilo eroak ustekabean harrapatu zituen, itxuraz zertan ari ziren bazekiten haiek. Irteeran berriz garrantzi handiagoa izan dute Banku Zentralek egin dutena, gobernuek aginduaren kontra hartu dituzten erabakiek eta Nazioartean sortu diren aldeko indar batzuek, herrialde bakoitzean ustez herritarren ezinari erantzun behar zioten politikoen lanak baino.

Azken urte hauetan inoiz baino garbiago egiaztatu ahal izan dugu aspaldiko esaera edo teoria hura, ”milaka kilometrora hegoei eragin dien tximeletak, benetako urakana eragin lezakeela auzoan”. Oso urruti, berez gurekin zerikusirik ez duen mugimendu txiki batek, gure eremu hurbila astindu lezake desegin arte. Teknologiari esker Mundua txiki geratu zaigu, orain dela urte gutxi eztabaida luzeak eta egunetako lana eskatzen zuena, gaur egun istant batean erabaki eta bideratu genezake. Itxuraz agintzen dutenek kontrakoa sinistarazi nahi badigute ere, garrantzitsuena ez dago gure esku, ezta beraienean ere.