Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Korea: xehetasunak faltan

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Trump prest dago segurtasun bermeak emateko Piongiangi, baina ez du zehaztu nola. Kimek, bere aldetik, berretsi egin du prest dagoela arma nuklearrak deuseztatuko, noiz eta nola zehaztu argitu gabe.

Ez sinistekoa dirudien arren, Trumpek bi gauza inportantetan eman du amore Kimekin Singapurren egindako goi bileran. Lehena, Hego Korearekin Ameriketako Estatu Batuek (AEB) urtero egiten dituzten saio militarrak bertan behera geratuko direla. Eta, hemen ezustekoa, "probokazioa" direlako utziko dituela, gainera, bertan behera. Hain zuzen ere, hori bera argudiatu ohi du Ipar Koreak maniobrei buruzko kexa agertzen duenean.

Bigarrena: AEB prest daude segurtasun bermeak emateko Piongiangi. Alegia, AEBk ez diotela erasorik egingo Ipar Koreari. Hala ere, Trumpek ez du zehaztu hori nola egingo duen: bake akordio bat sinatuko ote duten edo beste bideren bat baliatuko duten.

Kimek, bere aldetik, berretsi egin du orain hilabete Hego Koreako bere kide Mooni esandakoa: prest dagoela arma nuklearrak deuseztatzeko. Baina horrek ere, desnuklearizazioa noiz eta nola egingo duen ez du jakinarazi.

Eta hori da, hain zuzen ere, Trumpek eta Kimek sinatu duten agiri bateratuaren arazo nagusia: zehaztapenak falta dituela. Beraz, negoziazio zailetan hasi beharko dute orain diplomatikoek, paperean idatzitakoa gauzatzeko. Hilabete zailak dituzte aurrean.