Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Borroka judiziala Polonian

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadore eta ultranazionalistak Gobernua, Parlamentua eta Presidentetza kontrolatzen du, baita komunikabideak ere. Orain, Auzitegi Gorena kontrolatu nahi du.

Poloniako Gobernuak ez die kasurik egiten Europar Batasunaren ohartarazpenei eta aurrera segitzen du bere sistema judizialaren erreformarekin. Gobernu hori 2015eko hauteskundeak irabazi zituen Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadore eta ultranazionalistaren esku dago. Alderdi horrek du Gobernuaren, Parlamentuaren eta Errepublikako Presidentetzaren kontrola. Komunikabide publikoak ere kontrolpean ditu, komunikabide pribatuei, aldiz, murrizketa asko jartzen dizkie. Orain, berriz, Botere Judizialera jo du bete-betean.

Gobernuak kontrolatzen ditu beheko epaitegietako magistratuak eta orain Auzitegi Gorenekoak kontrolatu nahi ditu. Horretarako, erretiroa hartzeko adina aurreratu die Goreneko epaileei, 70 urtetik 65 urtera. Modu horretan, 27 epaile jada jubilatu egin beharko dira, eta hori baliatuko du Gobernuak euren ordezkoak izendatu eta gobernuaren aldekoak diren epaileak gehiengoa izan daitezen Gorenean.

Europar Batasunak espediente bat zabaldu dio Poloniari, bertako gobernuaren jokabidea antidemokratikoa eta Batasunaren Hitzarmeneko 7. artikuluaren kontrakoa dela iritzi diolako. Baina Poloniako Gobernuak aurrera segitzen du bere asmoarekin, jakin badakielako bere kontrako zigorra jartzeko guztien adostasuna behar dela; eta denen adostasunik ez da izango Hungariako Gobernuak Poloniakoak bezala jokatzen duenez, beti bere babesa izango duelako.