Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Legeak eta debekuak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Kanadako erakundeek maria legezkotu dute. Albisteak oihartzun zabala izan du, eta horrelakoetan ohi denez aldeko eta aurkako iritziak entzun ahal izan ditugu.

Gizarteek, giza talde guztiek, oinarrizko arauak, legeak eta hitzarmenak behar izaten dituzte, bizikidetza posible izan dadin. Portaerak eta harremanak zilegi diren ala ez erabakiko dituzten irizpideak finkatzea izan ohi da arazo zailena, bakoitzak gureak ditugulako eta sarri kontrajarriak direlako. Zenbait arlotan, gainera, gizabanakoaren gainetik dauden kontuak erabakigarriak bihur litezke, erlijioa, morala, sinismena…

Kanadako erakundeek maria legezkotu dute, hemendik aurrera kalamu mota hori erein, aldean izan eta erre ahal izango dute 18 urtez gorako kanadarrek. Albisteak oihartzun zabala izan du, eta horrelakoetan ohi denez aldeko eta aurkako iritziak entzun ahal izan ditugu. Hain ohikoa ez dena da agian, horrelako aldea izatea aburu batzuk eta besteen artean, berez gaia menderatzen duten adituek muturretan dauden jarrerak erakustea.

Marihuanaren kontsumoak legearen zigorrik izan ez dezala aldarrikatzen dutenek diote, gaur egun edozeinek lor dezakeela ilegala izan arren, hartuko duguna garbiagoa eta hobea izango dela, trafikanteei salmenta gaia kendu eta estatuak etekina aterako diola zergen bidez, eta debekuak ez duela kontsumoa urritu, batik bat mendebaldeko herrialdeetan.

Kontrakoek uste dute, aldiz, legezkotzeak hutsaldu egiten duela arriskua, legala bada ezin duelako txarra izan. Errazago eskuratu ahal izango dutela, besteak beste adin txikikoek. Menpekotasun fisikoa ez duela sortzen, baina bai psikologikoa. Tabakoaren eta alkoholaren kasuan bezalaxe, berriz, kontsumoaren ondorioz sortutako gaitzek eta gaixotasunek kostu handiagoa dutela zergen bidez jasotakoa baino. Beste zenbaitek dio droga oro debekatu beharra dagoela, gaur egun mundu guztian min handiena alkoholak eragiten duelako.

Baina badira justu aurkakoa diotenak. Gero eta indartsuagoa den joerak, batez ere Amerikan, dio droga guztiak legezkotzea dela bidea, galarazteak ez duelako inon inoiz kontsumoa urritu. Legez kanpo egoteak mafien eta droga trafikatzaileen indarra eta eragina handitzen duelako. Indarkeria neurri gabe zabaldu duelako. Drogaren diruak eta talde armatuen eraginak ustelkeria estatuaren zirrikitu guztietaraino eraman duelako. Legezkotuko bagenu droga guztia garbia izango litzateke, Estatuak ekoizpena eta banaketa kontrolatu, eta ondorioz, kontsumoa eta bere eragina errazago neurtu ahal izango zukeen. Narkotrafikatzaileen eragina urritu egingo litzateke, horrek indarkeria eta ustelkeriaren minbizia ezabatzea edo murriztea ekar lezake… Eta guzti hori gertatuko ez balitz, konponbideak arazoa areagotuko balu, beti dugu atzera egiteko aukera eta lehengo bidera, ilegalizazioaren eremura itzultzeko.