Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Kanoiak ala gurina

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Donald Trump aste honetan NATO erakundearen goi bileran izan da Bruselan. Bere portaera, batzar areto barruan, eta handik kanpo ere, logika eta oreka guztietatik kanpokoa izan da.

Orain dela ehun urte, Estatu Batuetan Woodrow Wilson presidentea zenean, bere kanpo harremanen arduradunak William Jennings Bryanek erabili omen zuen lehen aldiz, urteen poderioz ekonomian erabilienetakoa bihurtu den esamoldea. Gobernuek aukeratu egin behar dute baliabideak erabiltzerakoan, kanoiak egitea defentsa arloa sendotu eta kanpotik datozkien arriskuei aurre egiteko. Horrela, gutxiago izango dute gurina erosteko, herritarren oinarrizko beharrak asetzeko.

Arau orokorra dirudienak, hala ere, ez du balio azken urtetako politiko bitxienarentzat. Donald Trump aste honetan NATO erakundearen goi bileran izan da Bruselan. Bere portaera, batzar areto barruan, eta handik kanpo ere, edozein lotsatzeko modukoa izateaz gain, logika eta oreka guztietatik kanpokoa izan da.

Trumpen jokaera, dirudienez gazte gaztetatik beti antzekoa izan da. Probokazioa, erasoa eta iraina lehendabizi, helburua lortu eta gero arerioarekiko laudorioak, eta ezer gertatu ez bailitzan bostekoa eman eta alde egin. Itxuraz jokaera horrek etekina eman dio pertsonekiko harremanetan eta bere negozioetan, eta ez du aldatzeko asmorik.

Trumpek ez du errealitatea onartzen, bere iritziz edozein egoera aldatu eta birmoldatu egin liteke, eta berak hauteskundeak irabazi baditu pentsa genezake arrazoia duela. Diplomaziaren eta oinarrizko errespetoaren arau guztiak etxean utzita, Trumpek atzeratuen gisa tratatu ditu europarron ordezkariak. Gezurra, gezurraren atzetik esanez, baieztatutakoa egiaztatzea ezinezkoa delakoan, edo larriagoa litzatekena zuzen ari dela pentsatuta, Trumpek esan die diru gehiago gastatu behar dutela defentsa alorrean, Estatu Batuak gogait eginda daudela beti soldaduak, tankeak eta dirua jartzeaz, eta ez dutela inongo asmorik europarrak babesten segitzeko…

Egia da Estatu Batuek NATO erakundearen aurrekontuen zati haundiena jartzen dutela, % 22 inguru, baina Trumpek ez du esaten diru hori NATO erakundearen lurraldean erabiltzen duela, Estatu Batuak NATO lurraldea direla eta ia guztia Estatu Batuetan gastatzen duela. Ez du esaten aurrekontuetan, portzentaiak ez dituela aipatzen, Estatu Batuek munduan zehar dituzten base militarrak, NATOko armadek atzerrian egiten dituzten misioak eta beste gastu zerrenda luzea...

Dirua zenbatzeko modu asko dago eta batuketa guztiek ez dute emaitza bera, baina Estatu Batuetako presidenteak “Amerika Lehendabizi” goiburupean dena sartzen dela uste du, kanoiak eta gurina, azken finean bere proiektua gauza bera delako. Trumpek Europari eskatzen dio defentsa arloan diru gehiago erabili dezala, Estatu Batuei armak erosi diezaizkiola, bere kanpaina finantziatu zuten arma ekoizleei dirua itzul diezaizkiela, era horretan defentsa ziurtatzeaz gain guztientzako gurina izango dutelako.