Bake prozesua
Manifestazioa, Bilbon
Hamarna mila pertsona Bilboko kaleetan, Sorturen legalizazioaren alde
Erredakzioa
Manifestazioaren amaiera irakurritako manifestuan, sorturen legalizazioari dagokionez ez dutela "ezezko erantzunik ezta berrogeialdirik onartuko" adierazi diete Gobernuari eta Espainiako Justiziari.
Milaka pertsona Bilbon bildu dira larunbat honetan Sorturen legalizazioa aldarrikatzeko, alderdi abertzaleek, EAJk izan ezik, babestutako manifestazioan. Hala ere, manifestarien artean EAJko kideak ere izan dira.
Martxa 17:30ak jota hasi da Casilla plazan, "Bakearantz, legalizazioa" lelopean. Ibilbidea Bilboko udaletxean amaitu dute manifestuaren irakurketarekin.
Manifestazioa abian jarri aurretik, Aitor Bezares ezker abertzaleko bozeramaileak adierazpen batzuk egin dizkie bertan bildutako hedabideei. Bezaresen esanetan "gizartearen gehiengoa" da Estatuari legalizazioa eskatzen diona "aukera politiko guztiak garapena izan dezaten". Legalizazioa gauzatzen ez bada, Estatuak "euskal herritarrak aurrean" izango dituela ohartarazi du.
EAJk ez du ordezkaritza ofizialik izan, baina alderdiko zazpi parlamentari eta Eneko Goia Donostiako alkatetzarako hautagaia protestan izan dira. Iñgo Iturrate jeltzaleak manifestazioa hasi aurretik azaldu duenez, EAJ ez da manifestazioan egon ez duelako gonbidapen ofizialik jaso, Manifestazioak ezker abertzalearentzat "kutsu elektoralista" duela gaineratu du, eta testuinguru horretan EAJ "soberan dago". Hala ere, bere presentzia "printzipoek" bultzatu dutela azaldu du.
Manifestazioaren buruan Iñaki Zabaleta eta Maider Etxebarria ezker abertzaleko ordezkariak joan dira. Hauen atzetik, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Joseba Alvarez eta Tasio Erkizia zeuden. Bertan izan dira, baita, EAko Pello Urizar eta Maiorga Ramirez, Aralarreko Jon Abril EBko Mikel Arana eta Alternatibako Oskar Matute.
Manifestua
Bukaerako manifestua deitzaileetako bik irakurri dute; Kontxita Beitia frankismoaren garaiko ikastoletako andereñoak eta Cesar Arrondo euskal disporako kideak. Manifestu horretan irakurri dutenez, manifestazioaren helburua "jarrera eraginkorra, ausarta eta segurua" agertzea izan da, izan ere, "Bakeak eta Demokraziak guztion konpromisoa behar dute".
Era berean, Sortuk hilaren 7an estatuto berriak aurkeztu eta gero, "ezezko erantzunik" onartuko ez dutela gaineratu dute, "bat-batean erabakitako berrogeialdiak eta interes publikoek eragindako zuzenbidearen kontrako gogoetak ez dutelako lekurik".