Itxi

albisteak

Kontsumobide

Nola egin kontsumo arloko erreklamazioak?

eitb.eus

Modu sinple eta eraginkorrenak erreklamazio-orriak eta Internet bidezko erreklamazioak dira.

  • Argazkia: rawpixel.com / Pexels.

    Argazkia: rawpixel.com / Pexels.

Gabonak iristear daude, eta ospakizun egun horiei lotuta, mota guztietako produktu eta zerbitzuen kontsumoak gora egiten du nabarmen. Askotan, erreklamazio prozesuen eta erosle gisa ditugun eskubideen inguruko ezjakintasunak kontsumo-arloko erreklamaziorik ez aurkeztea eragiten du. Horregatik, ezinbestekoa da erreklamazioak egin ahal izateko baldintza eta pauso guztiak ezagutzea.

Kontsumitzaile eta erabiltzaile den eta enpresa, establezimendu edo zerbitzu-emaile batengandik ondasunak edo zerbitzuak eskuratu dituen edonork egin dezake erreklamazio bat. Hasteko, honako datu eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu: non gertatu den, erreklamatzailearen eta establezimenduaren datuak, erreklamatu nahi diren gertaeren xehetasunak (produktua edo zerbitzua zein den argi azalduta), eskaera (produktua entregatzea, itzultzea, ordezkatzea edo konpontzea), proben zerrenda (tiketen, kontratuen nahiz aurrekontuen fotokopiak, esaterako), erreklamazio-eguna eta erreklamatzailearen sinadura.

Oro har, bi hilabeteko epean jakinarazi behar zaio saltzaileari eskuratutako produktu edo zerbitzuarekin adostasun eza. Epe hori gainditzekotan, kontsumitzailea izango da atzerapenak sor ditzakeen kalte-galeren erantzule. Ondoren, Administrazioak establezimenduari jakinaraziko dio, eta 15 egun baliodun emango dizkio alegazioak egin eta probak aurkezteko. Nabarmentzekoa da Administrazioak bitartekari lana egingo duela gatazka konpondu ahal izateko.

Erreklamazio-orriak eta Internet bidezko erreklamazioak

Modu sinple eta eraginkorrenak erreklamazio-orriak eta Internet bidezko erreklamazioak dira. Euskadiko establezimendu guztiek erreklamazio-orriak kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako eskuragarri izan behar dituzte. Erreklamazio-orria betetakoan, jatorrizkoa Kontsumobideren lurralde-zerbitzuetan (Araba, Bizkaia edo Gipuzkoa) edo norberaren bizilekuari dagokion Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan aurkeztu beharko da.

Horrez gainera, Kontsumobidek Internet bidez erreklamazioak egiteko aukera ematen du, aurretiaz online identifikatuta. Horretarako, sinadura elektronikorako ziurtagiria edota itsasontzi-jokoa erabiliko da.

Zure eskubideak ezagutu, Kontsumobideren bidez.