Itxi

albisteak

Kontsumobide

Bidaiak Internet bidez kontratatzeko gomendioak

eitb.eus

Bidaia webgune batean sartzean, hainbat baldintza betetzen dituela egiaztatu behar dugu.

  • Argazkia: Pexels.

    Argazkia: Pexels.

Gaur asko dira bidaiak eta oporrak online kontratatzen dituzten pertsonak. Interneten bidaia eskaintza zabala da oso, eta prezioak konparatzea eta bidaiak gure neurrira diseinatzea erraza da. Gainera, zerbitzua zuzenean kontratatzean, ez da bitartekarien komisiorik ordaindu behar. Garraioa, ostatua edo bestelako zerbitzuak uztartzen dituen bidaia konbinatu bat aukeratzen badugu ere gure eskubideak ezagutu behar ditugu.

Bidaia webgune batean sartzean, hainbat baldintza betetzen dituela egiaztatu behar dugu. Hasteko, enpresak legezko baldintzak betetzen dituela eta helbide fisikoa, telefonoa eta harremanetarako posta elektronikoa dituela ziurtuta behar dugu. Interneteko foroetan beste erabiltzaile batzuen iritziak bilatzea eta baldintza guztiak arretaz irakurtzea ere gomendatzen da. Halaber, webguneak bidaiari buruzko informazio argia eta zehatza eskaini behar du, eta publizitatean agertzen den informazioa loteslea denez, erreklamazio bat egitean erabili ahalko dugu.

Aurrekoaz gain, honako segurtasun-neurri hauek ere hartu behar ditugu: webgunea segurua dela egiaztatzea (adibidez, helbidea https izatea, eta Paypal edo tankerako ordaintzeko modu seguruak eskaintzea), antibirusa eta nabigatzailea eguneratuta izatea eta erosketa-prozesua egiteko behar-beharrezkoak diren datu pertsonalak bakarrik ematea.

Bidaiari buruzko gutxieneko informazioa

Webguneak bidaiari buruzko gutxieneko informazioa eman beharko du: helmugak eta garraiobideak, iraupena eta ibilbidea, ostatuak, prezioaren barruan eskaintzen diren zerbitzu guztiak, pasaporteen eta bisaren inguruko informazioa, azken prezio osoa, ordainketa baldintzak, klausulak, bidaia bertan behera uzteko epea, aseguru bat kontratatzeko aukera, bidaia antolatu duen enpresaren izena eta helbidea, etab.

Bidaiak erosketa sare batekin ere kontrata daitezke. Sare horiek zerbitzu eta produktuak ohi baino merkeago eskaintzen dituzte, deskontu edo kupoien bitartez, eta orokorrean nahitaezkoa izaten da aurretiaz erregistratzea. Kasu horretan, kontratazio eta deskontuen baldintzak arretaz irakurri behar dira.

Eta bidaia kontratatu ostean, zer?

Erabiltzaileek 24 orduko epean erreserben berrespena jasotzeko eskubidea dute, baita erreserbak bertan behera uzteko eskubidea ere. Berrespen dokumentazio hori egiaztagiri gisa erabil daiteke erreklamatu behar izatekotan, eta ordainketa-egiaztagiriak inprimatzea edo gordetzea ere gomendagarria da. Erosketaren azken erantzukizuna ordainketa egin diogun enpresarena da, hau da, zerbitzua kontratatu diogun enpresarena.

Zure eskubideak ezagutu, Kontsumobideren bidez.