Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Trump eta Kim Jong-un Vietnamen elkartuko dira otsailaren 27an eta 28an

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidentea eta Kim Jong-Un Ipar Koreako buruzagia bigarren aldiz elkartuko dira.

Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidentea eta Kim Jong-Un Ipar Koreako buruzagia bigarren aldiz elkartuko dira. Duela zortzi hilabete Singapurren egindako goi-bilera historikoaren ondoren, oraingoan otsailaren amaieran elkartuko dira Vietnamen. Hala iragarri du Trumpek Batasunaren Egoeraren hitzaldian.

Singapurren, Kim Jong-Un Ipar Korearen "desnuklearizazio osoa" gauzatu eta desarme nuklearra aurrera eramateko prest azaldu zen. Hala ere, oraingoz ez dago promesa zehatzik desnuklearizazio hori noiz, zelan eta zein mailaraino eramango duen jakiteko, ez eta Estatu Batuek trukean hartuko lituzken ordezko neurrien berririk ere.

Ipar Koreako buruzagiak behin eta berriz leporatu die Estatu Batuei derrigorrezko desarmera bultzatu nahi izatea. Piongiangek nazioarteko zigorrak arintzea eskatzen du behin eta berriz, baina oraindik ez da halako neurririk hartu. Hala ere, distentsio keinuak izan dira. Joan den udan, Koreako Gerran (1950-1953) hildako soldadu estatubatuarren gorpuzkiak entregatu zituen. Bere aldetik, Estatu Batuek eta Hego Koreak maniobra militarrak alde batera utzi dituzte. Baina beti ere Trumpek berretsi duenez, Ipar Korearengan presio politikoa egiteari ekingo dio.

Harreman onak

"Gure soldaduen gorpuzkiak etxera etorri dira, proba nuklearrak amaitu dira, eta azken 15 hilabeteetan ez dute misilik jaurti" esan zuen Trumpek Batasunaren Egoeraren hitzaldian. "Estatu Batuetako presidentea ez banintz, Ipar Korearekin gerra handi batean sartuta egongo ginateke, seguruenik milioika hildakoekin" gaineratu zuen. Bere ustez, lan asko geratzen da egiteko, baina Kim Jong-unekin duen harremana ona da.

Estatu Batuetako Informazio Zerbitzuek esan berri dutenez, Ipar Koreak arma nuklearrak guztiz deuseztatzea nahi dituela ziurtatzeko aztarnarik ez dago oraingoz. Izan ere, Kim Jong-un buruzagiak Ipar Koreako sistema komunistaren iraupena bermatzeko tresnatzat du armategi hori.