Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Trumpek larrialdi egoera bat asmatu du

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Mexikoko mugan larrialdi egoera dagoela esango du Trumpek, harresia eraikitzeko behar dituen funtsak lortzeko. Beldurra da agentzia hori diru gabe uztea.

Trumpek legez kanpoko trikimailu bat erabiliko du bere Mexikoko harresi famatua eraikitzeko dirua lortzeko. Adieraziko du muga horretan bizi den egoera larrialdi nazionalekoa dela eta horrek baimena emango dio, teorian, harresia eraikitzeko behar dituen diru funtsak lortzeko. Larrialdi nazionaleko egoera ezartzen da, esaterako, hondamendi natural bat dagoenean, uholde edo urakan bat adibidez. Gai horien ardura duen agentzia federalak eskura ditu larrialdi funts batzuk.

Orain beldurra da Trumpek diru hori erabiliko duela harresia eraikitzeko eta, beraz, agentzia hori diru funtsik gabe utz dezakeela benetako larrialdi bat datorrenerako. Edo okerrago agian, eman gabe utz ditzake azken hondamendi naturalek kaltetu eta oraindik laguntzarik jaso ez dutenei zor zaizkienak, Puerto Ricon eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) hegoaldean, esaterako.

Argi dago oposizio demokratak auzitegietara eramango duela gaia, eta litekeena da irabaztea; baina hori lortzerako denbora igaroko da, eta bien bitartean, Trumpek argazkia atera dezake harresiko adreilu batzuk jarritakoan. Hori eginda, bere jarraitzaileei erakutsiko lieke berak harresia eraiki nahi duela, baina demokrata maltzurrek ez diotela uzten.