Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Urriaren 31an doaz, baina lehenago ere izan liteke

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Erresuma Batuko Parlamentuak Theresa Mayk Europar Batasunarekin adostutako irteera akordioa babestuko balu, 'brexit'a hurrengo hilabeteko lehen egunean gauzatuko litzateke.

Brexitean, ezer ez da erraz ulertu edo azaltzekoa. Urriaren 31a da irteera data berria, baina izan liteke maiatzaren bata edo abuztuaren bata ere. Erresuma Batuko Parlamentuak behingoz onartuko balu Theresa Mayk Europar kideekin negoziatu zuen akordioa, hiru aldiz jada ezetz esan diona, irteera hurrengo hileko lehen egunean egingo litzateke. Beraz, bihar onartuko balute, irteera maiatzaren 1ean litzateke.

Eta urriaren 31, epe muga berria da. Orduan Erresuma Batuak Europar Batasunetik atera beharko du, akordioarekin edo gabe. Azaroan berrituko da Europar Batzordea eta hasiko da aurrekontu europarren eztabaida, eta noski, gainontzeko bazkideek ez dute nahi Londresek hain erabaki garrantzitsuetan parte hartzea.

Hori bai, Erresuma Batuak maiatzeko Europako hauteskundeetan parte hartu beharko du, oraindik Batasuneko kide izango baita. Hori eragotzi dezake soilik maiatzaren 22a baino lehen onartuko balitz irteera akordioa, Europar hauteskundeetako lehen egunaren bezpera da. Hauteskundeetan parte hartzen badu, 73 eurodiputatu britainiarrek euren eserlekuak hartuko dituzte, baina epe laburrean joan egingo dira. Eta horrek arazoak eragingo dizkie besteei: Espainia eta Frantziari esaterako, 5 eserleku gehiago egokitzen zaizkie, eta orain hori airean dago.