Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Langileria

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Aste honetako manifestazioetan mota eta era askotako jendea ikusi dugu kale erakustaldi horietan. Baina gaur egun “langile” hitza erabiltzerakoan zertaz ari gara?

Maiatzaren lehena langileen eguna omen da. XIX. mendean, 8 orduko lan egunaren alde eta lan baldintza egokiak aldarrikatzeagatik hil zituzten langileen omenez urtero, urtero kalera irten dira azken mende t’erdian beharginak. Aste honetako manifestazioetan mota eta era askotako jendea ikusi dugu kale erakustaldi horietan. Baina gaur egun “langile” hitza erabiltzerakoan zertaz ari gara? Zeintzuk dira langileak, proletarioak? Seme-alabak ondasun bakarra izanik bere eskuen lana saltzera behartuta dagoena? Kapitalaren morroia? Nagusiaren aginduetara dagoen mirabe isila?...

Munduan gaur egun 2.700 miloi langile ei daude, hauetatik 2.000 milioik baldintza penagarriak ditu eta mila miloi erabat pobreak dira lana eduki arren. Globalizazioak mugak, marrak eta mailak desitxuratu ditu,edozein lekutan gertatzen denak zuzeneko eragina du Munduaren beste puntan. Sarri batzuen hobekuntza besteen kaltea izan ohi da. Ekoizpena merkatzeko lantegiak mugitzen dituzte, lekuz aldatu. Lan hori jasotzen dutenek zuzeneko onura izaten dute, jatorriko herrialdekoa baino soldata urriagoa izan arren,bertakoentzako oparoa izan litekeelako lansaria. Baina teknologiak, robotizazioak eta automatizazioak herrialde guztietako lan merkatuak eraldatu dituzte. Langile xumeenek ezin dute aldaketetara egokitu. Ondo prestatutakoek aldiz lehia basatia dute dagokien esparruan kokatu eta moldatzeko.

Eta nahasmen hau gutxi balitz azken krisiak,Bigarren Mundu Gerra ondorengo lorpen asko kolokan jarri du, gizartea erabat zatitu eta ohiko taldeetan kokaezinak diren lan kategoriak sortu ditu. Mendebaldean krisi aurretik lana zutenei, galdu ez badute orohar lan baldintzak errespetatu zaizkie, baina azken 10 urtetan lanean hasi direnek kondizioa askoz okerragoak onartu behar izan dituzte.Benetako “arraila” sortu da belaunaldien artean,eta gaur lana lortzen dutenek badakite gurasoek baino okerrago bizi beharko dutela. ”Garapen bidean”omen dauden herrien egoerari begiratu bat eman ezkero bi dira ondorioak, langile eta txiro sinónimo bihurtzen ari direla, eta herri horiek ez dutela sekula “garapen hori “ lortuko.

Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak argitaratu duen azken txostenaren arabera gaur egungo lanpostuen herena galdu egingo da adimen artifizialaren garapenaren ondorioz eta beste lanpostu gehienetan aldaketa sakonak izango dira… Mundua abiada handian aldatzen ari da eta seguruenera, lan baldintzak eta euren denbora eta ahalegina saltzera behartuta daudenen ezaugarriak eta beharrak hobeto zehaztu beharko genituzke zertaz ari garen jakiteko.