Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Danimarka: Inmigrazioaren aurkako ezkerra

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Alderdi Sozialdemokrata ezkerrekoa da, zalantzarik gabe, gizarte politiketan, arlo ekonomikoan eta ingurumenean, baina alderdi eskuindarrekin bat egiten du migrazio politikan.

Lehen begi kolpean, Danimarkako hauteskundeen analisia erraza da. Alderdi Sozialdemokratak irabazi du, koalizio gobernu bat gidatu dezake, eta hondoratu egin da Herri Daniarraren Alderdia, ultraeskuindar eta xenofoboa dena. Baina badaude egin beharreko nabardurak.

Alderdi Sozialdemokrata ezkerrekoa da, zalantzarik gabe, gizarte politiketan, arlo ekonomikoan eta ingurumenean, baina alderdi eskuindarrekin bat egiten du migrazio politikan. Azken urteetan Danimarka etorkinentzat herrialde gogorra bihurtu da, bereziki immigrante musulmanentzat.

Orain arteko gobernua kontserbadore eta liberalek osatzen zuten eta Herriaren Alderdiak kanpotik babesten zuen. Gobernu horrek zenbait arau onartu ditu etorkinen bizitza asko zaildu dutenak eta Alderdi Sozialdemokrata ez da arau horien aurka azaldu. Sozialdemokraten hautagaia, Mette Frederiksen, etorkinen aurka gogor jarraitzearen alde azaldu da eta horrek balio izan dio Herriaren Alderdira joandako hainbat boto emaile berreskuratzeko.

Arretaz jarraitu beharreko fenomenoa da, Eskandinaviako beste alderdi sozialdemokratetan ere ikusten ari garena. Guztiak ari dira onartzen neurri murriztaileak etorkinentzat beste gaietan ezkerrekoak izateari utzi gabe.