Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Kritika gogorrak Alemanian, Europako Batzordeko presidente berriaren aurka

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Kritika gogorrenak SPDko sozialdemokraten aldetik etorri dira.

Kritika gogorrenak SPDko sozialdemokraten aldetik etorri dira. Berlingo koalizio gobernuko kideak ez du onartzen Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatzerik. Beraz, gobernu koalizioa ados jarri ez denez, bozketan Merkel abstenitu egin da, beste gainerako 27 buruzagiek alde bozkatu duten bitartean.

Batez ere gogorrak izan dira Martin Schultz SPDko presidente ohiaren eta Europako Parlamentuko presidente ohiaren kritikak. Berlingo gobernuko "kiderik ahulena izan da" eta "guztiz desegokia da Europako Batzordea eramateko", esan du Schultzek. Ursula Von der Leyen CDU alderdiko kidea eta Defentsa Ministroa izan da orain arte, baita Merkelek izan duen aliaturik fidelena ere.

Alemaniako Berdeek ere gogor kritikatu dute. Europako hauteskundeetan ez dela zerrenda buru izan gaitzetsi dute. Gainera, bere kudeaketan lege hauste batzuk izan direlakoan ikerketa pean dago. 

Ez dira kritikak luzatzen bakarrak izan, Bavariako CSUko kontserbadoreek ere izendapena gaitzetsi dute. Manfred Weber bere alderdikideak uko egin behar izan duela eta, Markus Söder buruzagiak uste du "demokraziaren eta Europaren porrota izan dela". Ursula Von der Leyen Alemaniako gobernuan 2005. urtez geroztik izan da.

Ursularen aita funtzionario europarra izan zenez, 12 urtez bizi izan zen Bruselan. Brexitaren aurkako ahots indartsuenetariko bat ere izan da. Haren aburuz, "populistek gezurrez betetako  globoaren eztanda izan da brexita". Akordiorik gabeko brexita "etorkizunean EBren eta Erresuma Batuaren arteko harremanak oker hastea" dela uste du.

Medikuntza ikasi zuen eta ginekologo moduen egin zuen lan 42 urterekin politikan sartu arte. Zazpi seme alaba ditu. Lan eta Familiarako ministroa ere izan zen, eta 2013an Alemaniako lehen Defentsa ministro bihurtu zen.