Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Corbynen etengabeko zalantzak

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Orain arte EB uztearen alde dagoen gutxiengo horren parte izan da laboristen burua. Europako Hauteskundeen emaitzen ostean, justu kontrako aldera jo du.

Egin berri diren Europako Hauteskundeetara Erresuma Batuan Alderdi Liberal Demokrata eslogan argi batekin joan zen: "Pikutara brexit-a". Alderdi Laborista brexit-aren inguruan barne zatiketarekin iritsi zen hauteskundeetara, batez ere Jeremy Corbyn buruzagiaren argitasun faltak bultzatuta. Emaitza izan zen Alderdi Liberal Demokratak aurre hartu ziola Alderdi Laboristari, azken hori hirugarren lekuraino jaitsiz. Corbynena da laboristek izandako emaitzak kaxkarren erantzukizuna.

Corbynek ez du Europar Batasuna (EB) gogoko, ez zaio inoiz gustatu. Duela 3 urte, brexit-ari buruzko erreferenduma egin zenean, gogo txarrez egin zuen kanpaina, ez zuen gogo berezirik jarri Europar Batasunean geratzea defendatzeko. Alderdi barruan, militanteen gutxiengo bati ere ez zaio EB gustatzen; aldiz, gehiengoak zalantzarik gabe Erresuma Batuak Batasunean jarraitzea nahi du.

Corbyn orain arte gutxiengo horren aldean jarri izan da eta Europako Hauteskundeek utzitako emaitzen ostean, justu kontrako aldera jo du. Hurrengo lehen ministro kontserbadoreari eskatu dio brexit-aren inguruan bigarren erreferendum bat deitu dezala, eta bide batez iragarri du erreferendum horretan, oraingoan bai, berak Batasunean jarraitzea eskatuko duela, duela hiru urte ez bezala. Argitu ez duena da zer egingo duen hauteskundeak aurreratzen badira, brexit-a erabat bertan behera utzi edo Bruselarekin beste akordio bat negoziatzen saiatuko ote den.