Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Ursula von der Leyenek 'oso ondo' bat merezi zuen

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Dena dela, presidente bihurtzeko behar zituenak baino 9 boto gehiago bakarrik lortu zituen. Hitzaldi ona eman zuen, liberal batek sinatzeko modukoa.

Ursula Von der Leyen demokristau alemanak aprobatu justua lortu zuen atzo, nahiz eta bere hitzaldiak 'oso ongia' merezi zuen. Europako Parlamentuaren aurrean iragarri zuen programa sozialdemokrata edo liberal batek sinatzeko modukoa izan zen: europazalea, soziala, ekologista, feminista eta irekia. Bera buru izango duen Europako Batzordea parekidea izango dela agindu zuen. Batzordeak berdintasun sozialera iristeko erabakiak proposatuko dituela, gutxieneko soldata edota langabezia sari europarra horien artean. Batzorde horrek ingurumena hobetu eta aldaketa klimatikoa kontrolatzeko programak onartuko dituela, eta Europaren mugak giza-legezkoak izango direla ezin baita onartu jendea Mediterraneo itsasoan itotzea.

Hitzaldi ona izan zen, alemanez gain, ingelesez eta frantsesez ere aise moldatu zen eta irudi ona eman zuen. Ondoren, bozketa ozta-ozta irabazi zuen: Europako Batzordearen lehen emakumezko presidente bihurtzeko behar zituenak baino 9 boto gehiago bakarrik. Ez da emaitza txarra ordea Europako parlamentu aukeratu-berria zatituago baitago eta talde handiek ez baitute lehen adina agintzen.