Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Fikzioa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Parisko klima aldaketaren aurkako hitzarmenak ingurumena babesteko beharra agerian utzi zuen. Arabiako birfindegietan izandako erasoak, aldiz, egoera azalarazi du: petrolioa da ekonomiaren bihotza.

2015an, munduko herrialde gehienek Parisen klima aldaketaren aurkako hitzarmena sinatu zutenetik, ingurumenaren babesa, erregai garbiak erabiltzeko beharra eta hainbat ohitura aldatzeko lehentasuna azaldu zaizkigu behin eta berriz komunikabideetan, eguneroko elkarrizketetan eta baita ekonomiaren eta ekoizpenaren antolaketan ere. Autogintzan sortutako zalantzek erakutsi omen digute ardura benetakoa dela eta erabakiak hartzen dituztenek sakoneko arrazoiak ulertu eta onartu dituztela.

Baina Arabiako birfindegietan izandako ustekabeko erasoak egoeraren gordintasuna agerian utzi digu. Petrolioa da oraindik ere ekonomiaren odola eta bihotza. Hitzarmenak hitzarmen, xedeak xede, mundua petrolioak eta erregai fosilek mugitzen dute. Itxuraz, gainera, urte asko beharko dugu joera hori aldatzeko. Erasoa izan den aste berean, Nazio Batuek argi gorri guztiak piztu dizkigute, Parisen sinatutakoa ez delako inor betetzen ari, berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa murriztu beharrean handitu egin delako, aldaketa zantzuak gero eta nabarmenagoak direlako eta adituen kezka ezkutaezina.

Esan ohi da arazoen larritasunaren neurgailu egokia dela, arduratzen direnen izaera. Enpresari handiek, goi mailako ekonomialariek, politiko boteretsuenek zerbaiti buruzko kezka azaltzen badute arduratzen has gintezke. Eta guzti horiek adierazten badute egoerari aurre egin beharra dagoela, parean dugunaren handitasuna ukiezina izango da.

Horixe uste genuen Parisen munduko boteretsuenak elkartu eta inoiz hartu gabeko konpromisoak hartu eta sinatu zituztenean. Hori pentsatu genuen auto ekoizleek aldaketa sakonak agindu zizkigutenean. Harritu eta poztu egin ginen politiko guztiak bide berdeak jorratuko zituztela adierazi zigutenean, eta horren kontrako adierazpenek gehiengoaren aurkako jarrera eragiten zutela egiaztatu genuenean…

Baina bat-batean ohartu gara fikzio hutsa dela. Petrolio ekoizpena eta erabilera handitu egin da. Nazio Batuek esan digute berotegi efektua eragiten duten gasak eguratsa usteltzen ari direla, orduero miloi bat tona karbono dioxido botatzen dugu itsasora, urtean 400 miloi plastiko tona ekoizten dira Munduan eta % 9 bakarrik birziklatzen dugu… Adituek diote larrialdi egoera bizi dugula, baina gehienok ez garela horretaz jabetu, ez dugula sinisten ingurumenak duen mehatxua hain handia denik. Ez dugu sinistu nahi, besteak beste bizimodu aldaketa sakona eskatuko ligukeelako, eta askoz erosoagoa zaigulako aldarrikapen sutsuenak eta egunerokotasuna tartekatzea sekula nahastu gabe.