Itxi

Felipe Etxebarria

ANALISIA

Nazioarteko burtsak, gora eta gora

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Adituen ustez, munduko banku zentral nagusiek eskaintzen duten interes tasa txikien ondorioa da.

Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza auziak, Irango krisiak edo laster gauzatuko den brexitak ez dute aspaldi honetan antza eraginik nazioarteko burtsa-merkatu garrantzitsuenetan. Gertaerak gertaera, eten gabe gora doaz markak hautsiz.

Egun hauetan Estatu Batuetako burtsek inoizko mailarik handiena lortu dute. Joan den ostiralean New Yorkeko Dow Jones indizeak 29.000 puntu lortu zituen historian lehen aldiz. Alemanian, Frankfurteko burtsako Dax indizea errekor berri bat lortzeko bidean dago. Inbertitzaileen arabera, 14.000 puntu lortu ditzake laster. Espainiako IBEX 35 indizea 9.400 puntura jaitsi arren, goraka joango da berriz ere, adituen ustez.

Nazioartean zalantza politiko handiak daudenean gertatzen ari da hori guztia. Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza gerra edozein momentutan berpiztu daiteke. Estatu Batuen eta Iranen arteko auziak konpondu gabe jarraitzen du. Eta Europar Batasunetik Erresuma Batuaren irteerak izango dituen ondorio ekonomikoak ez daude oraindik argi. Munduko ekonomiaren hazkunde maila ere motela izango dela uste da. Guzti hori burtsetan bizi den baikortasunarekin kontrajarrian dagoela dirudi.

Zein da arrazoia?

Adituen ustez, munduko banku zentral nagusiek eskaintzen duten interes tasa txikien ondorioa da. Hori dela, eta zor publikoa erosteak hain etekin gutxi ematen duenean, inbertitzaileak behartuta aurkitzen direla burtsa merkatuetan emaitza hobeak bilatzera.

Gainera, interes tasak txikiak izanda, burtsetan etekin maila hori gainditzea erreza dela ikusten dute. Eta beraz, beraientzat nahikoa da apur bat hobetzea etekin maila. Hori dela eta, akzioen merkatuan arriskuak hartzeko prest daude. Ondorioz, prest daude akzioak interes tipo altuen garaian egingo luketena baino prezio altuagoan erostera. Eskari maila altu horrek eten gabe bultzatzen ditu gorantza akzioen prezioak, interes tasak igotzeko itxaropenik agertzen ez den bitartean behintzat.