Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Libiari buruzko Berlingo konferentzia

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Libiako gerran bi etsai nagusi daude: Nazio Batuek aitortutako Fayez al- Sarraj Tripoliko gobernuko lehen ministroa; eta ekialdeko gobernu errebeldea babesten duen Txarifa Haftar jenerala.

Berlingo Konferentzian izan diren 11 buruzagik, Putin, Macron, Johnson, Erdogan eta Merkel horien artean, bakearen oinarriak ezartzeko asmoz Libian atzerriko herrialdeek egiten dute esku hartzeari amaiera ematea erabaki dute. Lortu berri den su etena finkatzeko helburuz Nazio Batuek 2011an erabakitako arma enbargoa errespetatzea ere adostu dute. Sekula ez da bete izan.

2011. urtean Gadafi Koronela boteretik bota zutenetik, Afrika iparraldeko herrialdeak bizi duen gerra zibilari amaiera jartzen saiatu da Berlingo Konferentzia. Libiako gerran bi etsai nagusi daude. Ondorengoak dira horiek: Nazio Batuek aitortutako Fayez al- Sarraj Tripoliko gobernuko lehen ministroa; eta ekialdeko gobernu errebeldea babesten duen Txarifa Haftar jenerala. Hegoaldea ere kontrolpean du azken horrek. Haftarren indarrek Libia ekialdeko islamisten aurka borroka egin, eta Bengasi eskuratu zuten 2014an.

Nazioarteko potentziak ez datoz bat beren babesa  bati ala besteari ematerakoan. Fayez al Sarraj lehen ministroak eta Nazio Batuek errekonozitutako gobernuak Qatar eta Turkiaren babesa dute. Ostera, Arabiar Emirerri Batuak, Egipto, Jordania, Saudi Arabia eta Errusia Haftar jeneralaren alde daude.

Europa zatitua Libiako gerraren aurrean

Italia potentzia kolonial ohia Sarraj lehen ministroaren alde dago. Erromako gobernuak interes ekonomiko handiak ditu Libian. ENI, Italiako energi enpresa erraldoia, atzerriko ekoizle handiena da herrialde honetan. Merkatuaren % 45 du.

Berlinago Konferentzian bitartekari lana egiten saiatu da Alemania, Siriako egoera Libian errepikatu ez dadin.

Frantziak, ostera, Haftar jeneral errebeldea babestu du, nahiz eta babes hori agerikoa ez izan. Izan ere, Hafarrek Frantziako militarrei lagundu zien terrorista islamisten aurkako borroketan Sahel eremuan.

Estatu Batuek ofizialki Nazio Batuek errekonozitutako gobernua babestu arren, Trump presidenteak Haftar jeneralarenganako laudorioak egin zituen joan den apirilean, petrolio erreserbak babesten egindako lanagatik. Hil berean, jeneral errebeldeak Tripoli hiriburuaren aurkako erasoa hasi zuen. Garaipenarekin amaitu nahi du orain eraso hori.