Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Tirabira Europar Batasuneko estatu aberatsa eta txiroenen artean

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Erresuma Batua Europar Batasunetik atera ostean, EBk 75.000 milioi euro gutxiago izango ditu. Herrialde aberatsenak ez daude prest zulo hori betetzeko.

Ostegun honetan Bruselan hasteko den goi-bilerak Europar Batasunaren datozen zazpi urteetarako aurrekontuetan jarrerak hurbiltzen ahaleginduko da. Brexit-a dela eta Erresuma Batuak alde egin du eta horrekin batera,Europak bigarren diru iturria galdu du.

Brexit-arekin Europar Batasunak 75.000 milioi euro gutxiago izango ditu. Herrialde aberatsenak, Austria, Danimarka, Suedia eta Holanda ez daude prest britainiarrek utzitako zuloa betetzeko. Europar Batasuna murriztu bada, aurrekontua ere murriztu behar dela diote.

Beraz, gastu muga Errenta Nazional Gordinaren % 1 jartzea nahi dute. Eta aldi berean sistema bat ezarri gehiegizko gastuak murrizteko, eta, beraz, gehiegizko aurrekontuen aurrean babestuta izateko. Alemaniarekin batera Europar Batasunaren gastuen % 75 beren gain hartzen dutela diote.

Diotenez, Europar Batasunean eta bere merkatu bateratuan izateak onurak ekartzen dizkiete. Baina, hala ere,  gastuei muga bat ezarri behar omen zaie.

Charles Michel Kontseilu Europarreko presidenteak proposatutako gastuei Errenta Nazional Gordinaren % 1,07ko muga ezartzea ez dela nahikoa diote, Europako Batzordeak proposatzen duen ENG % 1,114 baino txikiagoa izan arren, eta funts estrukturaletan eta nekazaritzan murrizketa gogorrak proposatu arren.

Ostera, laguntzak hartzen dituzten herrialdeek  gastu muga horiek gaitzesten dituzte: Europako Parlamentuak ere aurrekontu handiagoak nahi  ditu, eta gastu muga ENG % 1,30 eskatzen du.

Goi-bilera honetan akordio bat lortzea zaila dirudi. Nahiz eta 27 buruzagiak ados jarri, hitzarmenak Europako Parlamentuaren oniritzia behar du, eta hori urruti dagoela dirudi. Jean Claude Juncker Batzordeko presidente ohia 2019ko hauteskundeak baino lehen akordioa lortzen saiatu zen.

Begirale gehienek uste dutenez, oraingoan ez da akordio bat lortuko. Haien ustez,  2020ko uda igaro arte itxaron beharko da, Alemaniak presidentzia eskuratu arte.