Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Berlin, alokairuak izoztu dituen lehen hiriburua

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Hiri honetan gutxi batzuk baino ez dira beren etxearen jabe, gehienek etxea alokatuta baitute. .

Albisteak (1)

Igande honetatik aurrera, eta datozen bost urteetarako, Berlingo 1,5 milioi etxebizitzen alokairuak izoztuta geratu dira. Eztabaida handia sortu duen neurria prezioen kontrola berreskuratzeko helburuarekin hartu dute. Izan ere, alokairuen garestitzeak berlindar asko hiritik kanpora bota ditu. 

Alemanian modu honetako neurria hartzen duen lehen hiria da Berlin. Askok txalotu egin dute erabakia, eta beste batzuek kritikatu. 

Hiri honetan gutxi batzuk baino ez dira beren etxearen jabe, gehienek etxea alokatuta baitute. 

Berlingo Harresia 1989an erori zenean, Berlinek alokairu oso merkeak zituen, ekialde komunista ekonomikoki lurra jota baitzegoen. Horrek artista asko eta bizitza bohemioaren maitaleak erakarri zituen. Baina azken urteetan alokairuen prezioak asko garestitu dira 3,7 milioi biztanle dituen hiri honetan. Horrek hiri-gunetik biztanle asko kanpora bota ditu. Neukoelln eta Kreuzberg moduko auzo langileetan ere turismoaren gorakadak alokairuaren garestitzea ekarri du, eta biztanle arrunt askok ezin dute alokairua ordaindu. 

Berlinek etxebizitza eskasia ere badu, eta horrek prezioen gorakada bultzatu du. 

Alokairuen izozketa 2014a baino lehenago eraikitako etxebizitzetan ezarri da. Ahots kritikoek diotenez, izozketa honen erruz, jabe askok ez dute berriztapena behar duten etxeetan inbertituko. 

Neurria auzitegietara eraman dute. Bien bitartean, adituek errentariei aholku hau eman diete: aurreztutako dirua gordetzeko, gerora auzitegiak izozketa baliogabetzen badute behar izango baitute. 

Neurria Berlin hiri-estatuko ezkerreko gobernu koalizioak hartu du. Eta gogor kritikatu du Angela Merkel kantzilerraren CDU alderdi kontserbadoreak. Alderdi hori oposizioan dago hiriburu honetan.