Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

'Brexit' ondorengo lehen negoziaketak

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Europar Batasunean indarrean dauden arau asko betetzea exijituko dio Bruselak Erresuma Batuari eta, ondorioz, negoziazioa zaila izango da.

Astelehen arratsalde honetan hasiko dira Europar Batasuna eta Erresuma Batuaren artean brexit ondorengo lehen negoziaketak. Bruselan hasiko dira elkarrizketak eta gero txandakatuz egingo dira hiriburu komunitarioaren eta Londresen artean.

Merkatarientzako muga-zergarik ez izatea eta inportazioa kuotarik ez izatea da helburu nagusia.

Zaila dirudi, ordea, horren trukean Europar Batasunak Europak ezarritako arauak betetzeko eskatzen baitio Erresuma Batuari ondorengo arloetan: enpresentzako estatu laguntzetan, lan-legedian, ingurumenean eta zergetan. Etorkizunean izango diren merkataritza harremanetan britainiarrek abantailarik ez izatea da helburua.

Arrantzan: Europar Batasunaren helburua arrantzale europarrak ur britainiarretara joan ahal izatea da. Europarrek ez badute nahi duten akordio lortzen, Erresuma Batuko arrantza produktuak Europan sartzean galarazi dezakete.

Luxenburgoko Europako Justizia Auzitegiaren zeregina: Merkataritza arloko auzi guztiak erakunde independente batek konpondu beharko lituzke. Baina EBko araudi baten interpretazioa eztabaidan badago, europarren ustez Luxenburgoko auzitegiak ebatzi beharko luke gaia. Britainiarrentzat hori onartzea oso zaila izango da.

Finantza zerbitzuak: Londresko Cityari Europako merkatuan sartu edo ez erabakitzeko eskubidea gorde nahi du EBk. Britainiarrentzat oso garrantzitsua da Europako bezeroak  Londresko Cityra sartu ahal izatea.

Segurtasuna: EBk akordio zabal bat nahi du, baina argi utzi du estatu kide bat ez den herrialde batek ezin duela kide diren herrialdeek duten akordioaren antzekoa izan. Kriminalitatearen aurkako edozein borroka bertan behera geratuko da, Erresuma Batua Europako Giza Eskubideen Hitzarmenetik irteten bada.

Hauek dira gaur hasiko dituzten negoziaketetan eztabaidagai izango diren atal batzuk. Trantsizio epea aurtengo abenduaren 31n amaituko da. Europarrek behin eta berriz diotenez,  ez dago denborarik epe horretan hitzarmena lortzeko. Baina Boris Johnson lehen ministro britainiarra ez dago prest epe hori luzatzeko, eta akordiorik ez badago ere, 2021n Britainia Handia Europar Batasunetik erabat kanpo izango dela berretsi du.